Altzako kiroldegia. (Argazkia: Nagore Koch)
Altzako kiroldegi berrirako aurkeztutako proposamen guztien artean epai-mahaiak bost aukeratuko ditu. Ondoren, altzatarren ekarpenak txertatuko zaizkie, partaidetza prozesu baten bidez. Izan ere, udal gobernuak hainbat bilera egin ditu auzoan, herritarren iritziak jasotzeko.
Irizpideak
Altzako kiroldegi berria eraikin trinkoagoa izan behar du. Horretarako, lursailaren gune bat libre utziko dute, eta gazteei nahiz adineko pertsonei zuzendutako kirol guneak egin ahal izango dira atari zabalean.
Horrela, kiroldegi ingurua auzotarrentzeko topaleku bihurtuko da, Tomasene eta Casares kultur etxeetatik hurbil dagoen gune batekin lotura izango baitu.
Eraikuntzaren ikuspegitik, lehiaketara aurkeztutako ideiek kontuan hartu beharko dute, bereziki, ahalik eta energia aurrezki handiena ekarriko duten proposamenak lehenetsiko direla, eta baita fatxaden eta estalkien mantentze txikiagoa ekarriko dutenak ere.
Altzako kiroldegia berritzeak Plan Orokorraren aldaketa eskatzen du, eta udal gobernuak jakinarazi duenez, aldaketa horren hasierako onarpena ahalbidetuko duen dokumentua amaitzen ari dira.
Josu Ruiz, Kiroletako zinegotziaren arabera, “udal gobernua pauso garrantzitsuak ematen ari da guztiz zaharkituta dagoen azpiegitura hau erreformatzeko. Altzak kiroldegi berri bat behar du eta gai honek ez du irtenbiderik izan urte askoan. Jabetzen gara prozesua luzea izango dela, baina aurrerapausoak ematen jarraitzea da garrantzitsuena”.