[Bideoa] Auzoko gizarte eta kultur gune bihurtu nahi dute eraikina
Urte hasieran Auzoenea batzordea osatu zuten Bidebietan. Auzoko beharrak aztertu eta denen artean, auzolana eta parte hartzea sustatuz, auzoa eraikitzea dute helburu. Bidebietan urte luzez aldarrikatu dute gune publiko baten beharra. Oraingoan, ordea, urtetako aldarrikapen horri egitura bat eman diote. Auzoenea Akordioa sinatu dute auzoko eragileek; 30 guztira. Bidebietako Institutuaren egoitza bati –auzotarrek deitzen dioten moduan, eskola horiari– erabilera soziokulturala eman nahi diote. Institutuak erabiltzen ez duen eraikin bat da, garai batean haur eskola zena, eta orain hutsik dagoena.
Auzoenea batzordeko kide Josu Lonbideren arabera, udal gobernuak nahiz Partaidetza sailak jarrera ona erakutsi dute. Momentuz, eraikina atontzen ari dira, giltzak eskuratu ondoren. Izan ere, Bidebietako Institutua bera proiektua babestu duten hogeita hamar eragileen artean dago, eta horretarako baimena eman diete. Gaur festa egin dute bertan, auzotarrek eraikina ezagutu dezaten.