Tristan Crowley abeslari irlandarraren kontzertua. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Musika Parkearen XXIII. ekitaldiaren bigarren saioa larunbata arratsaldean egin dute, Benartegi baserriko belargunean.
Mesedez, belarra zapaldu leloarekin, aurten ere arrakasta handiko kontzertuak ari dira izaten. Gaurkoan, joan den hilabetean Aieteko parkean gertatu bezala, Benartegi jendez lepo bete da. 14:00etarako, lehen kontzertuaren hasiera ordurako, belargunean ia ez zegoen esertzeko tokirik. Ikusleak bapo jan eta edan dute, Urumea bazterrean, musika doinuen artean.
Tristan Crowley irlandarra izan da abesten lehena, eta musikari honi The Icer Company talde iruindarrak hartu dio lekukoa.
Ez dira parte hartu duten artista bakarrak izan. Izan ere, Literaktum jaialdiak bat egin du Musika Parkean jarduerarekin. Aipatutako jaialdiak diziplina ezberdinak nahasten ditu, hau da, literatura beste arte forma batzuekin lotzen da, teknologia eta formato berriak sortuz. Jarduerak, beraz, anitzak dira: solasaldiak, elkarrizketak, performanceak edota kontzertuak. Bigarren arlo honen adibide da gaurko ekitaldi berezia, aurtengo jaialdiaren azkena. Ana Malagonen ipuinak irakurri dituzte Benartegin bertan, eta Giorgio Bassmattik musika jarri du.
[Gallery=159]