Udal ordezkariak, Suitzan. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udaleko ordezkariak Suitzan izan dira bertako sistema politikoa, kultura politikoa eta demokrazia zuzena aztertu eta horretan sakontzeko.
Herrialde horretarako erakundeetako ordezkariekin hainbat bisitaldi eta elkarrizketen bidez, kantoi eta udal mailako hainbat gairen inguruan erabakitzeko bozketak nola antolatzen dituzten ikusteko aukera izan dute. Azken helburua demokrazia zuzenaren hainbat alderdi aztertu, eta sistema hori Donostian abian jartzea da.
Andreas Gross parlamentuko kideak Jura herriko kantoia sortzeko prozesua, demokrazia zuzenaren historia eta haren giltzarri nagusiak azaldu dizkie. Berarekin izandako elkarrizketan, Suitzako eta Europako parlamentuetako kideak azpimarratu zuen politika eta subirotasuna herritarrekin partekatu egin behar direla, eta demokrazia zuzenaren ardatzak eztabaida eta erabakiak direla.
Axier Jaka Donostiako Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, esperientzia “oso positiboa” izan da, eta udal mailako esparrua demokrazia zuzenaren sistema abian jartzeko esparrurik egokiena dela azpimarratu diete.
Larunbatean Zurichen eta Bülachen izan ziren Donostiako Udaletik Suitzara abiatutako ordezkariak Stefan Mittlekin, bozketa sistemen arduradunarekin, eta Mark Eberlirekin, Bülacheko alkatearekin, hurrenez hurren, maila lokalean demokrazia zuzenak dituen ezaugarriak gertutik ezagutzeko.
Atzo Kofederazioko 26 kantoietan eta 2.485 herrietan bozketa eguna zen, eta Zuricheko hautesleku batean bertatik bertara jarraitu ahal izan zituzten.