Eztabaida saioak egingo dituzte Añorgan, Zerbeza eta Patatak izenburupean
Hilabete bakoitzeko lehen larunbatean biltzeko asmoa dute, aurrez proposatutako gai baten inguruan hitz egiteko, adituren batekin batera.
Zerbeza eta Patatak izeneko eztabaida saioak egiten hasiko dira laster Añorgan. Aurrez zehaztutako gai baten inguruan eztabaidatzeko biltzea da antolatzaileen asmoa, hilabete bakoitzeko lehen larunbatean, eta noski, garagardoak eta patatek ez dute hutsik egingo. “Egun indarrean dauden ideologia eta balio hegemonikoekin ados ez dagoen jendearen artean eztabaida sortzea dugu helburu”, dio antolatzaileek bidalitako oharrak. Añorgako Jolas Etxean bilduko dira ekainaren 7an, 17.30ean, lehen saioa egiteko. Nola maitatu behar dugu feministok? izango da eztabaidarako gaia, eta Ainara Santamaria eta Amaia Zufia gonbidatuko dituzte.
Eztabaidak gehienez bi ordukoak izango dira, eta guztietan formatu bera errepikatzeko asmoa dute. Lehendabizi, antolatzaileek gaiaren inguruko sarrera txiki bat egingo dute. Segidan, gaiarekin lotura estua duen gonbidatu berezi batek azalpen teoriko labur bat emango du. Horren ostean, talde txikitan banatuko dira eta adituak egindako galderen bueltan eztabaidatuko dute. Azkenik, talde txiki bakoitzean ateratako ondorioak bateratuko dituzte, eta denen arteko eztabaidarekin bukatuko dute.
Antolatzaileek argi utzi dute Zerbeza eta Patatak auzotik sortua den arren, ez dela auzoarentzat soilik; hala, garagardozale eta patatazale guztiei bertan parte hartzeko deia egin diete, baita hilero proposatuko dituzten gaietan interesa duen edonori.