160 lagun baino gehiagok Irutxuloko Hitzaren azala aztertu dute
Hedabideak gaia hizpide, Bagera Elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta euskaltegiekin elkarlanean, Mintzodromoa antolatu du; ikasleek Irutxuloko Hitzaren azala aztertu eta albisteen inguruan hitz egin dute.
San Telmo Museoko Areto Nagusiko sarreran zenbakidun txartel bat hartu eta zenbaki horren arabera eseri dira ikasleak. Mahai bakoitzean lau pertsona elkartu dira, euskara ikasleak zein euskaraz hitz egiten dakiten arren, mintzatzeko ohiturarik ez dutenak.
Gizakiak betidanik izan du komunikatzeko beharra. Ahoz ahoko transmisiotik idatzizkora pasa gara, eta entzunezkotik ikus-entzunezkora. Horixe izan da antolatzaileek planteatu duten lehenengo gaia, eta partaideen artean ideia ugari sortu dira. “Eskutitzak idaztea geroz eta arraroagoa da. Noizbait posta txartelen bat bidali dut, baina bereziki posta elektronikoa erabiltzen dut”, aitortu du gazte batek. Beste talde bateko ikasleek irratia aiton amonekin lotu dute, eta telebista gurasoekin, hau da, belaunaldi ezberdinek hedabide mota bat transmititu diete.
Hamabost minutu pasa direnean, gaia eta mahaiaz aldatu, eta beste pertsona batzuekin elkartu dira. Bigarren mintzagaia hedabideen eraldaketari buruzkoa izan da. Zein hedabide mota erabiltzen dituzu, eta zertarako? Galdera horiei erantzunez, bakoitzak bere iritziak eman ditu, eta euren ekarpenak paretan itsatsi dituzte.
Berriro taldez aldatu eta hirugarren gaiari ekin diote. Talde bakoitzak Irutxuloko Hitzako astekaria aurrean edukita, azala begiratu eta titularrak irakurri dituzte. Bakoitzak aukeratutako albistea mahaikideei azaldu die, eta hori hautatzeko arrazoiak eman ditu. “Ez nekien orain Bidebietako jaiak zirenik. Beste egunkarietan albiste txarrak irakurtzen ditugu, eta gustuko dut horrelako albiste alaiak publikatzea”, azaldu du Aieteko Noelia Del Ciok.
Horretaz gain, Donostiako Piraten sorrera gogorarazi dute, parte hartzea areagotu dela nabarmenduz; Arte Ederren eraikinari buruz azalpenak eman dizkiei ikasle batek mahaikideei, eta denak ados egon dira erainak kultur erabilera behar duela esatean. Iñigo Legorburu bertsogilea ere hizpide izan du talde batek. “Bertsoak sortzea harrigarria iruditzen zait. Bertsolariak ikusten ditudanean, zaila egiten zait esaten duten guztia ulertzea”, aitortu du emakume batek. Ondoan zuen gazte batek, aldiz, geroz eta euskara gehiago ikasi, bertsoak orduan eta hobeto ulertuko dituela esan dio.
Azaleko albiste bat aukeratzerako orduan, zailtasunak izan dituzte; baina talde bateko kideak argi eta garbi utzi du gertukoak diren gaiak gogoko dituela: “Informazioa gertukoa eta albisteak laburrak izatea nahiago dut. Interesa pizteko aproposenak direla uste dut”.
Bigarren txanda bat ere egin dute, eta 11:00etan beste talde handi bat Areto Nagusian sartu da. Orotara, 160 lagun inguruk parte hartu dute.
Irutxuloko Hitzako opariak
Irutxuloko Hitzaren astekaria Mintzodromoko protagonista bihurtu da, eta ezagutzen ez zutenek irakurri eta ikusteko aukera izan dute. Gainera, hiru gaiak amaitu dituztenean, zozketa bat egin dute. Irabazlea eserita zegoen tokiaren arabera hautatu dute, eta Karmele Urbistondo Irutxuloko Hitzako kudeatzaileak kaxa batetik zenbakiak atera ditu. Jota Pizarro izan da garailea, eta jogurtontzi bat eskuratu du.
Pizarro Amaran bizi den arren, duela bi urte Donostiara bizitzera etorri zen. Mutil gazte hau Txiletik etorri da, eta denbora gutxian euskaraz hitz egiten ikasi du. Irutxuloko Hitzak eskaini dion oparia ez zuen espero, eta ilusio handia egin dio. “Ni euskara praktikatzera etorri naiz, eta opari honekin ezustekoa hartu dut. Eskerrik asko!”.