Ziklobiak itxiko du 2014ko Olatu Talka
Joan den asteburuko jardueretan 26.000 lagunek parte hartu zuten, arduradunen arabera; Donostia, Astigarraga eta Hernani batuko dituen 7 kilometroko martxa egingo dute igandean, jaialdiari bukaera emateko.
egitaraua kontsulta daiteke eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia zabaldu diete arduradunek. Honako zortzi gunetan banatuko dute ibilbidea: Loiolako Erribera, Txomin Enea, Martutene, Sagardoaren ibaia (Lizeaga eta Gartziategi sagardotegien parean), Astigarragako biribilgunea, Erribera plaza, Martindegi eta Hernani. Patinaldia, musika emanaldiak, bizikleta mekanika ikastaroak, tailerrak, argazki erakusketak, jolasak… hainbat eta hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute partaideek. Gainera, lau gunetan Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko kideek photocall bereziak egingo dituzte, nahi duen guztiak modelo lanak egin ditzan: Loiolako Erriberan, Sagardoaren ibaian, Erribera plazan eta Hernanin.
Olatu Talkaren bidez, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburutza izango dela ospatzen ari dira herritarrak, laugarren urtez. Joan den asteburuan hasi zen jaialdia, ostiraletik igandera, eta datorren igandeko Ziklobiak amaitutzat emango du. Zehazki, Donostia, Astigarraga eta Hernani batuko dituen 7 kilometroko martxa izango da Ziklobia. Ibilbideak zortzi gune izango ditu, eta horietan jarduera anitzak egingo dituzte partaideek. Azken batean, bestelako garraio baten aldeko aldarrikapena egingo dute. “Alde batetik bestera mugitzeko beste era batzuk sustatu nahi ditugu; bizikletaz, patinetan, oinez… “, aipatu du Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, 2016 Gunean egindako aurkezpenean. “Oraingoan zerbait positiboak batu gaitu”, gehitu du Andoni Gartzia Astigarragako alkateak.
Olatu Talkaren arduradunen arabera, joan den asteburuko jardueretan 26.000 lagunek parte hartu zuten guztira, Donostian bertan eta inguruko herrietan antolatu zituzten 250 jardueretan. “Jaialdi honek zerbait desberdina badu, partehartzailea dela da, kaletarra dela, eta ez-ohiko inguruetan egiten dela, jende amateurrarekin, kultura maite dutenekin; jaialdi eraldatzailea da”, azaldu du Donostia 2016ko Iker Tolosak. Gainera, aurtengoan, gazteen partaidetzak gora egin duela azpimarratu du Tolosak, eta proposamen “freskoagoak” jaso dituztela; “Bide onetik goaz”, gehitu du Tolosak. Euria izan dela eta, bi jarduera utzi behar izan zituzten bertan behera, baina guztiaren gainetik herritarren erantzuna oso ona izan dela aipatu dute behin eta berriro. “2016k duen baloreetako bat partehartzea da, eta kaleak kolorez eta energiaz bete dira asteburuan. Ni ere kalean ibili naiz jarduera batzuetan parte hartzen, guztietara iristea ezinezkoa baita, eta politak eta hunkigarriak iruditu zaizkit”, aipatu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.
Interneteko errepasoa eginez ere datu baikorrak eman dituzte: Olatu Talka traola 2.000 aldiz erabili zuten Interneteko erabiltzaileek asteburuan, euskarazko Trending Topica bihurtuz; Instagramen 3.000 jarraitzaile lortu dituzte eta 400 argazki gehitu zituzten partaideek; eta Olatu Talkaren webguneak 7.000 bisita jaso zituen.
Zazpi kilometrotan, zortzi gune
Ziklobiari dagokionean, errepideak egun bateaz motordun ibilgailuz hustuzea du helburu. Hala, oinezkoei, txirrindulariei eta motorrik gabeko ibilgailuei lehentasuna emango diete. Inguru “dinamikoagoa” eta “osasuntsuagoa” bultzatzea baitu ardatz nagusitzat.
Ziklobiak, esan bezala, Urumea bailara batuko du, Donostia, Astigarraga eta Hernani jai giroz betez, 10:00etatik 19:00etara. Dagoeneko