Hainbat erronkei aurre egingo diete perfil anitzetako herritarrek
Donostia 2016 proiektuaren barnean, Auzolab laborategiak sortu dituzte, kulturaren aldaketa partaidetzaren bidez bultzatzeko. Bi helburu zehazteko, lehiaketa irekiko dute ekainean.
Auzolab, halaxe izena du Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren proiektu berriak. Hiru bide jorratuko ditu, eta hiruetan beharrezkoa izango da herritarren partaidetza, horixe baita hiriburutzaren ardatz nagusietako bat, partaidetza. Azken batean, perfil eta pentsakera desberdinetako herritarrak batuko dituzte lan taldeetan, proiektuak hasieratik buruan zuen kultur aldaketa hori eragiteko. Zehazki, sei talde edo Auzolab egingo dituzte; bi taldek, Donostia 2016 hiriburutzaren identitatea zehaztuko dute bi taldek; beste bi taldek, Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharraren nondik norakoak zehaztuko dituzte, hau da, 2016 Gunea zeinek eta zertarako erabiliko duen; beste bi taldeak, zehazteke daude, izan ere, lehiaketa bidez aukeratuko dituzte. Guztiaren berri zehatza eman dute Xabi Paya 2016ko Kultur koordinatzaileak, Enara Garcia 2016ko Partaidetza arduradunak eta Roberto Gomez de la Iglesia Conexiones Improbableseko zuzendariak, gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. “Kultur aldaketa zortzi urtetako lan moduan jarri zen hasieran, eta zaila izango da aldaketa hori epe motzagoan lortzea”, aipatu du Xabi Payak.
Auzolab bakoitzak dinamizatzaile aditu bat izango du, eta beste hamahiru lagun inguruk osatuko dute taldea. 2016ari dagozkion lau Auzolabetako dinamizatzaileak zeintzuk izango diren erabaki dute jada: Ania Bas aktibista poloniarra, Ricardo Anton, Carlos Arruti eta Anabel Varona, eta Ixi Garcia. Basek eta Antonek zuzendutako bi taldeek 2016ko identitatearen arloa landuko dute; eta beste biek aldiz, suhiltzaileen egoitza zaharraren kudeaketa.
Edozein talderentzat irekitako lehiaketa
Lehiaketari dagokionean, edozein taldek aurkez dezake bere proposamena. Dagoeneko talde, enpresa, kolektibo, elkarte edo dena delakoa den batek egin dezake proposamena, edo proiektuan parte hartzeko osatutako talde batek, hau da, helburu zehatz batekin elkartu den herritarrek. Zehazki, ekainaren 6an zabalduko dituzte lehiaketaren oinarriak Donostia 2016ren webgunean bertan, eta aurkeztutako proposamen guztien artean bi aukeratuko dituzte, aurrera eramateko. Proposamenak edonolakoak izan daitezke, eta adibideak jarri ditu Roberto Gomez de la Iglesiasek: Bere nazioarteko irismena landu nahi duen abesbatza bat, norabidea aldatu nahi duen enpresa bat… hori bai, heterogeneoak izatea nahi dute, hau da, adin, sexu, pentsaera eta ibilbide anitzetako herritarrek bat egitea. “Geroz eta gatazka gehiago egotea hobea da. Gatazken konponbideetatik emaitza hobeak lortzen baitira”, azaldu du Gomez de la Iglesiasek.