Realeko belar hockey taldeak larunbatean eskura dezake Liga
Zaleen berotasuna eskatu dute txuri-urdinek, Bera Beran Club de Camporen aurka jokatu behar duten partidarako.
Ohorezko Mailako Liga eskura dezake Realeko belar hockey taldeak, bigarren urtez jarraian. Izan ere, larunbatean, 13:00etan, Club de Campori irabazten badiote, ligako txapeldunak izango dira. Bera Berako zelaian izango da norgehiagoka, Aieten, eta zaleen babesa eskatu dute garaipena lortzeko. Realak galduko balu, ordea, hirugarren partida bat jokatu beharko lukete, txapelduna nor den erabakitzeko. Hala, igandean jokatuko lukete hurrengo lehia, Bera Beran bertan, 12:30ean.
Joan den igandean, Madrilen jokatu zuen Realak Club de Camporen aurka finaleko lehen partida, eta irabazi egin zuen. Galtzen hasi ziren bisitariak, baina bigarren zatian, berdinketaren gola lortu zuten, eta shoot outs-etan erabaki zuten dena. Hala, 5-6ko markalailuarekin, Reala irabazlea izan zen.
Aurten Realak Liga eskuratuko balu, bere historiako bederatzigarren lorpena litzateke; 1981, 1986, 1993, 1994, 1997, 1998, 1999 eta 2013 urteetan bezalaxe.