Arte Ederren eraikinari erabilera bat emateko bidean bere ardura har dezan eskatu diote Jaurlaritzari
Oposizioak adostutako mozio bat onartu dute udalbatzarrean, Arte Ederren eraikinari buruz, udal gobernuaren kontrako botoarekin. Hain zuzen ere, oposizioak antzoki ohiari erabilera bat ematea ezinbestekoa dela nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzak babes maila gorena eman eta gero. Horren harira, erakundeek, Donostiako Udalak barne, eraikinaren jabeekin hitz egitea proposatu dute PSE-EEk, PPk eta EAJk, “Arte Ederren antzokiarekin zer egin daitekeen ikusteko”. Udal gobernuak beste mozio bat aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzari Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendapena berretsi dezan eskatzeko. Oposizioak ez du mozio hau babestu eta udal gobernuak ez du oposizioaren proposamenari baiezkoa eman, PSE-EEk, PPk eta EAJk duela gutxi arte eraikina eraistearen alde zeudelakoan. Gainera, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek azaldutakoaren arabera, “mozio honekin ulertzen dugu babesten den eraikin bat erakunde publikoek bere gain hartu behar dutela, eta filosofia horrekin ez dugu bat egiten”.
PSE-EEk aurkeztu eta oposizioko beste taldeekin akordatutako mozioa defendatzeko garaian, PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok adierazi du Arte Ederren eraikina erabilerarik gabe ez geratzeko helburuarekin egin dutela proposamena. “Hori horrela izan dadin, jabetza pribatu hutsa izan beharrean, erakunde publikoek berreskuratutako ondare bat izatea litzateke egokiena. Nola? Eusko Jaurlaritzak zaharberritze lanetan inplikatzen, baita berreskuratzean ere, udalarekin batera. Modu horretan, hiriarentzat bideratutako proiektu bat izango litzateke”, esan du PSE-EEko bozeramaileak, eta 2016. urtearen atarian, eraikina kultur arloan erreferentzia bat bilakatu daitekeela azpimarratu du. “Orain bai, Euso Jaurlaritzari ekonomikoki inplika dadila exijitu ahal diogu, berea izan baita babes maila gorena emateko erabakiaren ardura”, erantsi du.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, berriz, ondarearen babesa eta erabilera uztartzea dela gakoa jakinarazi du. “Erabilerarik ahalbidetzen ez duen babesak ez du zentzurik, bizirik behar baititugu eraikinak”, esan du.
PPko zinegotzi Jose Luis Arruek iritzi berekoa dela adierazi du, eta udal gobernua kritikatzeko aprobetxatu du bere txanda. “Bilduk bere mozioarekin dagoeneko egina dagoen zerbait eskatzen du”, azaldu du.

