Dokumentalez gain, hainbat film labur eskainiko ditu jaialdiak Antzoki Zaharrean, ekainaren 5etik 8ra, eta musikak ere bere tartea izango du.

Sancho Rodriguez Surfilm Festibaleko zuzendaria eta Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema arduraduna. (Argazkia: E. Zabala)
Surflarien eta surfzaleen zinema jaialdirik gogokoena iristear da, Surfilm Festibal. Hamabigarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta Sancho Rodriguez jaialdiaren zuzendariak aurreratu duenez, jaialdi horia izango da, ekaitzak eta denboraleek eragindako suntsiketa handiak erakutsiko baitituzte iruditan. Zehazki, ekainaren 5etik 8ra izango da Surfilm Festibala.
Lehen egunean, ekainaren 5ean, 19:30ean, argazki erakusketa bat zabalduko dute Aquariumen. Hala, neguko denboraleek utzitako argazki ikusgarrienekin beteko dute Nautilus aretoa. Edononola, filmak izango dira jaialdiaren muina, urtero legez, eta dagoeneko
egitaraua zehaztua dago. Hala, sei film luze eta 20 bat film labur ikusteko aukera egongo da, Antzoki Zaharrean. Jaialdian izango diren film bat nabarmendu dute bereziki:
Out in the lin up. Gehituk babesa eman du filma Donostiara ekartzeko; ekainaren 7an eskainiko dute, 18:30ean. Surfa eta homosexualitatea batzen ditu filmak, eta nola surflariek ez duten publikoki euren homosexualitatearen berri ematen, babesleak galtzeko beldurrez. Filmeetarako sarrerek 5 euro balio dute, eta dagoeneko eros daitezke
Kutxasarrerak webgunean.
Musikak ere bere tartea izango du Surfilm Festibalen, bi jaialdirekin, eta biak doakoak izango dira. Hala, Elektronik Gaua eta Elektrik Gaua egingo dituzte, doinu sintetikoak eta gitar doinuei eskainita. Elektronik Gaua Gazteszenen izango da, ekainaren 6an, 23:59an: Soft Metals (AEB, Captured Tracks), Dual Split (Francia/AEB)+ DJak.
Elektrik Gaua, berriz, ekainaren 7an egingo dute, Dabadaban: A Secte du Futur (Frantzia, XVIII Records), Aullido Atomico (Valentzia, Discos Calamidad), Tumba Swing Tumba Swing (Valentzia, Discos Calamidad) eta DJak.