Kultur Aniztasunaren asteburua ospatuko dute bihartik aurrera
Donostiako Udalak, EH11Kolore eta Etxe Erregionalekin batera, maiatzak 30etik ekainaren 1a bitartean, Kultur Aniztasunaren asteburua ospatuko du, hainbat jarduera egingo dituztelarik. Horien artean, Sardina Freskue antzerki saioa, musika emanaldiak, 11 Danborren Martxa, ’11 Pintxo, 11 zapore’ jarduera, eta Etxe Errejionalen festa egingo dituzte.
Hortaz gain, Kultur Arteko I. Topaketak ere ospatuko dituzte ostiral arratsaldean. Topaketa horiek Donostiako Kultur Aniztasunaren Sailak antolatu ditu, Amara Bai elkartearekin batera, eta beste hainbat elkarteren lankidetzarekin: Kaebnai Elkartea, Bidez Bide, Haurralde Fundazioa, Unidad Nicaragüense de Euskadi, Esperanza Latina, Afrikeuskadi, Asodeus, Sos Arrazakeria, Colectivo Bachué, Donosti Berri Elkartea eta Agifugi.
Naiara Sampedro, Kultur Aniztasuneko zinegotziak adierazi duenez, “jatorri askotako herritarrek, Donostia aberasten dute, eta aniztasun hori, hiriko kohesio elementu bilakatzea da helburua. Horretarako, elkarren aitortzan oinarritutako politikak sortzeko baliabideak eskaini eta saretze dinamikak bultzatu nahi ditugu udaletik”.
Ostiral honetako jarduera, “herritar guztien parte hartzea bultzatu eta erraztuko duten dinamikak sortzeko eta sustatzeko abiapuntua” izango dela nabarmendu du Sampedrok.
Kultur Arteko I. Topaketak Easo plazan egingo dituzte, 17:30etik aurrera. Haur eta gazteentzako tailerrak, eta Nikaraguako musika, dantza latinoak, Afrikako dantzak eta abestiak, eta euskal dantzetan oinarritutako saioak ere egingo dituzte. Hortaz gain, FACE2FACE erakusketa ere ikusgai jarriko dute, eta elkarteek beren materiala erakusteko mahaiak ere jarriko dituzte. Amaitzeko, afari-merienda bat egingo da Donosti Berri Elkartean.


