"Sorkuntza espazioak normaltasunez erabiltzeko aukera izan beharko genuke guztiok"
Hainbat gaztek hiriko semaforo erregulatzaileak graffitiekin jantzi dituzte asteburuan, Olatu Talkaren harira. Oier Peñagarikanok Txillardegi eta Mikel Laboa omendu ditu. Zumalakarregi hiribidean ikus daitezke bere bi graffitiak.
Oinezkoentzat oharkabean pasatzen dira, desagertuko balira ez lituzke inork faltan botako… Asteburuan, ordea, protagonista bihurtu dira, eta herritarren arreta bereganatu dute. Hainbat gazte sortzailek Graffitiekin jantzi dituzte hiriko zenbait semaforo-erregulatzaile. Gaztezulo aldizkariak Olatu Talkaren harira egindako deialdi batean parte hartu duten gazteek eraldatu dituzte.
Oier Peñagarikanok (Antzuola, 1987) Zumalakarregi hiribideko bi semaforo erregulatzaile margotu ditu. Stencil teknikaren bidez Txillardegi eta Mikel Laboaren irudiak egin ditu. Iurretako Eñaut Aiartzaguena gaztearen laguntza izan du. Ofizioz mekanikoa bada ere, diseinu grafikoan eskarmentua du. Gaztezulo aldizkariaren SemaforoINK deialdiaren berri izan zuen Antzuolako gaztetxean, eta parte hartzea erabaki zuen.
Kalean sorkuntza espazio bat izatea eta leku zehatz batera egokitutako zerbait egitea erronka polita iruditu zitzaion: “Artelanak museoz museo ibili ohi dira, baina gero ez ditugu presente gure egunerokotasunean. Horma grisez beteta daude hiriak, eta horiek kolorez betetzeko aukera izatea izaugarria da”.
Zerbait sortzea, eta modu legal batean lan egin ahal izatea garrantzitsua dela azpimarratu du Peñagarikanok: “Olatu Talkaren programatik kanpo egiten bagenuen 800 euroko isun bat ordaindu beharko genuke. Legalki lan egin ahal izateak kalitatezko sorkuntza bat egiteko aukera eman digu”. Sorkuntza espazioak normaltasunez erabiltzeko eskubidea aldarrikatu du Antzuolako gazteak: “Denok daukagu sortzeko ahalmena. Izan daiteke poesia bat, margolan bat… Gainera, espazioa okupatzea politika kontua ere bada. Graffitiak politak izateaz gain, badute helburu politiko bat. Badago lanketa sozial bat”.
Larunbat arratsaldean jarri zituzten Txillardegi eta Mikel Laboaren txantiloiak. Donostia 2016 bulegoak antolatutako programan bertakoak diren bi pertsonaien figurak irudikatu dituzte, helburu argi batekin: “Munduko kulturez hitz egiten da Donostia 2016ko programan, baina jende askok oraindik ez ditu Txillardegi eta Mikel Laboa ezagutzen. Biek ala biek herri honen nortasuna eraiki dute. Herri honen kultura eta nortasunaren parte dira, horregatik jarri diogu Nortasuna(k) izenburua. Haien lana aitortu nahi izan diegu”.
Sare sozialetan bolo-bolo dabiltza hiriko semaforo erregulatzaileetan egindako graffitiak. Zurriola hiribidean, Moneoren kuboen aurrean Kursaal zaharraren irudi bat jarri dute; Txantxillo ere omendu dute; muxu baten emotikonoa egin dute; zuhaitz batetik hegan doazen txoriak… Irudi galeria honetan ikus ditzakezue horietako batzuk.
[Gallery=161]


