Udalbatzarrak 9:30ean hasiko dira aurrerantzean
Oposizioaren aldeko botoekin, eta udal gobernuaren kontrako iritziarekin, Udalbatzak adostu du udalbatzarrak aurrerantzean 9.30ean hastea. Orain arte bezala, hilabeteko azken ostegunetan izango da, salbuespenak salbuespen. Uztailean, adibidez, hilaren 24an izango da, uztailaren 31 jai eguna delako.
Gaurko udalbatzarra 10:00etan hasi da, legegintzaldi honetan goizez abiatu den lehen aldia. Bilduk 13:00etan hastea defendatu du beti, baina oposizioak aurreko udalbatzar batean araudia aldatzea adostu zuen, goizez hasteko. Aurrerantzean egingo dituzten udalbatzarren ordutegia finkatu dute gaur, hasiera ordua”airean” gera ez dadin.
“Gaur, goizez hasitako udalbatzar honetan, 13:00etan hasitako saioetan baino jende gehiago dago”, adierazi du EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak.”Komunikabide gehiago ere badaude”, erantsi du PPko bozeramaile Ramon Gomezek. Udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek, bere aldetik, arratsaldez hasteko erabakiak herritarren presentzia errazteko hartu zutela gogora ekarri du, eta, gaurko erabakiarekin, eztabaida amaitutzat eman du behin betiko.

