'Edificio España' dokumentala ikusgai, Sukaldean
Edificio España film dokumental bat da, Madrilgo izen bereko eraikinaren ingurukoa. Victor Moreno zuzendariak filmatu zuen 2007 eta 2010 urte bitartean. Zinema jaialdi desberdinetatik pasa ostean, besteak beste 2012ko Donostiako Zinemaldia, eraikinaren jabe zen Santander Banketxeak betoa jarri zion filmari. Beto honen aurka hainbat mugimendu sortu ziren, eta hamabost hilabeteren ostean eraikinaren jabe zenak betoa kendu du, eta ondorioz filma proiektatzeko moduan da.
Ekainaren 2an, astelehena, eta 3an, asteartea, arratsaldeko 19:00tan Tabakaleraren Sukaldean film dokumentala aurkeztuko dute. Aurkezpen honetan Victor Moreno filmaren zuzendaria izango da bi saioetan. Saio bakoitzean pelikularen ikuspuntu desberdinez hitz egingo du.
Pelikularen proiekzioaren ostean, honen alderdi arkitektoniko eta politiko-ekonomikoen inguruan hitz egingo dugu. Saio honetan Iñaki Begiristain arkitektoak eta Fermin Muguruza musikari eta errealizadoreak parte hartuko dute, Victor Moreno filmaren zuzendariarekin batera. Bi saioak doakoak izango dira tokiak bete arte (50 pertsona). Aurrez lekua erreserbatu daiteke Tabakaleraren webgunean.
Filmak izen bera duen eraikinaren obra lanak islatzen ditu. Frankismoaren garaian oparotasun-ikur bezala aurkeztu ohi zuten Madrilgo eraikuntza erraldoi honen berritze lanak 2007an hasi zituzten. Berrehunetik gora langilek hartu zuten parte obran, haietariko asko jatorri ezberdinetakoak. Horrela, pasarte bitxiz jositako bizipen-bilduma eratzen joan zen Victor Moreno bere filmean, eta horrela hauek ere lekuaren memorian betirako atxikiturik gelditu dira.