Galarreta pilotalekua jendez lepo bete da
Gure Esku Dagok antolatutako jaia ospatu dute.
Ekainaren 8ko euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea geroz eta gertuago dago. Astebete besterik ez da falta, eta gaur Galarreta pilotalekuan festa handia antolatu dute. Gure Esku Dago dinamikak mota guztietako ekitaldiak tartekatu ditu.
Festari hasiera emateko, sagardoa eta pintxoak doan banatu dituzte. Ondoren, Uterga eta Ion txapeldunek Etxeberria IV eta Barrenetxea IVaren aurka erremonte partida jokatu dute. Partida berezia izan da. Izan ere, etenak egon dira eta geldiune horietan bertsolariek, dantzariek, abesbatza batek zein Pirritx eta Porrotxek parte hartu dute, besteak beste.
Festa amaitzeko, Kataluniako Vendrell herritik etorritako 120 castellerek euren ohiko giza dorre erraldoia osatu dute, ikusle guztion laguntzarekin.