Gladys del Estal omendu dute Egian
Duela 35 urte, Jose Martinez Salas guardia zibilak tiroz hil egin zuen.
Eguzki talde ekologistak Gladys del Estal donostiarraren omenezko ohiko ekitaldia antolatu du, Egiako parkean. Emakume ekologista Jose Martinez Salas guardia zibilak buruan tiro bat jota hil zuela 35 urte beteko dira asteartean, ekainaren 3an. Parkeko goiko zelaian dagoen oroigarriaren aurrean lore sorta bat utzi dute.
Eguzkik azaldu duenez, Gladys euren laguna eta adiskidea izateaz gain, beste hainbat arrazoi daude egiatarra gogoratu eta omentzeko.
Alde batetik, gizarteak nola hil zuten ez duela ahaztu behar esan dute, ez eta hilketa hura zigorrik gabe geratu zela. Izan ere, Martinez Salas hiltzaileak hemezortzi hilabetez preso egon zen, eta behin atera zenean, Guardia Zibilean jarraitu zuen.