Donostia Turismoa eta Gipuzkoako Hotelen elkarteko kideak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
21 hotelek 100 gela baino gehiago utziko dizkiete doan turismoko ordezkariei.
Donostia Turismoak eta Gipuzkoako Hotelen elkarteak sinatu duten lankidetza hitzarmenak hainbat alor ditu, baina oinarrian, hiriko jarduera turistikoa sustatzea eta hobetzea du helburu. Elkarlana “ezinbestekoa” dela nabarmendu du Paul Lizeaga, elkarteko idazkariak. Turismoak gipuzkoako ekonomian pisu handia duela adierazi du Lizeagak; “Turismoaren garrantzia areagotu egiten da Donostian, Gipuzkoa mailan ekonomiaren %7,4a bada, Donostian %15a baita”.
Hala, 21 hotelek 100 gela baino gehiago eskainiko dizkie Donostia Turismoari, bere promozio eta marketing estrategiatan erabiltzeko. Eskaintza hori guztia ez da Donostiako hotelena, baina beharren arabera molda daitekeela argitu du Lizeagak.
Gela horiek guztiak, hiria ezagutzera datozen profesionalei eskaintzen zaizkie; kazetari edo biltzarretarako norako bila dabiltzan adituei. Manu Narvaez, Donostia Turismoako zuzendariak adierazi duenez, “iaz utzitako logelei esker, Donostiako elkarte turistikoak ia 30 egitasmotan parte hartzeko aukera izan zuen”.
Turismoaren sustapenerako logelak uzteaz gain, gaur sinatu duten hitzarmenari esker, Donostia Turismoak antolatutako hainbat marketing estrategiekin ere bat egingo du Aspagik; Ihesalditxoetako planean, esaterako. Era berean, MICE edo mundu mailako biltzarrak erakartzeko ere egitasmoak landuko dituzte.
Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, eta bi aldeek proposatu ditzazketen bestelako sustapen egitasmoak lantzeko elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. “Elkarrekin lan egiten badugu, emaitza hobeak lortuko ditugu”, esan du Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak