Sito Alonso. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hiru denboraldi eman ditu Sito Alonsok Gipuzkoa Basketen, arrakasta handiarekin, baina talde donostiarrarekin zuen lotura amaitutzat eman du. Halaxe jakinarazi du gaur arratsaldean, Illunben egindako agerraldi batean. “Ziklo hau amaitu egin da”, esan du.
Alvaro Bilbao presidenteari larunbatean eman zion erabakiaren berri, eta gaur komunikabideen aurrean hitz egin du azalpenak emateko. “Ez da egun alaia niretzat”, onartu du, eta Donostian emandako hiru denboraldietan gauza asko ikasi dituela nabarmendu du. Ez du bere etorkizunari buruz ezer aurreratu; datorren denboraldian zein talde zuzenduko duen, alegia. Hala ere, azpimarratu du ez diola eskaintza ekonomikoari lehentasuna emango, “halako egoeratan beste arlo batzuk ere kontutan hartu behar direlako”.
Zurrumurruen artean, Laboral Kutxa Baskonia entrenatzeko eskaintza jaso duela entzun da, baina talde gasteiztarrak ezeztatu du. Ez duela Alonsorekin hitz egin eta ez duela hitz egingo esan du Baskoniak, prentsa ohar baten bidez.