Alvaro Bilbao: "Oraindik ez dugu beste inorengan pentsatu"
Gipuzkoa Basketeko presidenteak komunikabideekin gosaria egin du gaur goizean, ACB Ligan taldeak egin duen denboraldia aztertzeko, eta etorkizunari buruz hitz egiteko.
Sito Alonsok astelehenean taldea utzi ostean, entrenatzaile berriaren izena dago zurrumurru horien artean, baina GBCko presidenteak oraindik ez dutela beste inorengan pentsatu, ez eta inorekin harremanetan jarri, azaldu du. “Entrenatzaile egokia aurkitu nahi dugu, Gipuzkoa Basketera etorri nahi duena, taldearen filosofia ezagutzen duena, baina, momentuz, pazientzia izan behar dugu”.
Denboraldiari dagokionez, taldeak “Eduki dugun aurrekontuarekin bat datorren talde bat osatu dugu, eta gure erronka nagusia lortu dugu: ilusioa eta alaitasuna berreskuratu ditugu”. Izan dituzten lesioak gogora ekarri ditu, “zorte txarra” izan dutela nabarmenduz; baina hori alde batera utzita, emaitzak “ezin hobeak” izan direla esan du presidenteak. “Bederatzigarren postuan amaitu dugu denboraldia, hamasei garaipen lortu ditugu, eta horietako asko etxean izan dira. Baliabide ekonomikoetara egokitu gara, eta hor ikusten dira emaitzak. Oso pozik gaude”.
Egoera ekonomikoaren gaiari ere heldu dio Bilbaok. Duela bi urte aldundiak 700.000 euro gutxiago eman zizkion Gipuzkoa Basketi, eta hori bi urte hauetan “traba bat” izan dela aitortu du. “Hala ere, badakigu zer daukagun, eta horrekin arabera egin ditugu kontratatzeak”. Gainera, maiatzan sentsibilizazio kanpaina bat abian jarri zuten, taldeak duen defizitari aurre egiteko eta jendearekin duten harremana sendotzeko, bai zaleekin baita erakunde zein enpresekin ere. “Erantzunarekin pozik gaude. Jendea inplikatu da, eta herritarrek Gipuzkoak saskibaloia nahi duela erakusten ari dira”. Horrekin lotuta, partida bakoitzera diren zaleak, bataz beste, 6.000 izan dira.
Etorkizuna
Etorkizunari begira, hiru ardatz nagusi kontuan hartu behar direla esan du GBC-ko presidenteak: aurrekontua, taldea eta ingurunea.
– Egoera ekonomikoa hobetzeko, helburua babesle bat aurkitzea dela nabarmendu du. “Bazkideak, enpresak eta erakundeak ere oso garrantzitsuak dira, baina egonkortasuna lortzeko, babesle nagusi bat behar dugu”. Abian jarri duten sentsibilizazio kanpainarekin 200.000 euro inguru lortu dituzte; beraz, aurtengo defizita 500.000 eurotik beherakoa izatea espero dute.
– Taldeari erreparatuz, lehenengo gauza entrenatzaile bat aurkitu behar dutela esan du. “Ziur nago gure taldea oso erakargarria dela. Etortzen dena Gipuzkoa Basketen filosofia ezagutu behar du. Hori guztiei eskatuko diegu”. Jokalari guztiak taldean gelditzea nahi du, baina badaki eskaintzak izango dituztela. Datorren urtean jarraitzeko kontratua dutenak bost dira: Raul Neto, Goran Huskic, Julen Olaizola, Mikel Motos eta Will Hanley. Besteekin datozen egunetan hitz egingo dute.
– ACB Ligak ere garrantzia duela azaldu du Alvaro Bilbaok. Izan ere, uztailaren 15a arte ez dute jakingo Ligan zenbat talde egongo diren. Horren arabera, dauden aukerak eta kontratatze posibleak aztertuko dituzte.
Alvaro Bilbaok Gipuzkoa Basketen inguruan sortu diren “zurrumurruak” gezurtatzen hasi du komunikabideekin egin duen gosaria, eta esaten direnak “erantzukizunarekin” egiteko eskatu du.