Iaz, Urrezko Kopan parte hartu zuen zaldi bat. (Argazkia: Lide Ferreira)
Aurtengo denboraldiak 15 egun izango ditu, eta guztira 77 lasterketa egingo dituzte.
Gaur aurkeztu dute Donostiako Hipodromoko denboraldi berria. Hilabete aurreratu dute hasiera. Izan ere, uztailean hasi ohi da, baina aurtengoa ekainaren 6an hasiko da, ostiralean.
Peio Urtasun, hipodromoko kudeatzaileak adierazi duenez “krisia gogor astintzen ari da zaldiketa, baina ahalegin handia egin dugu nazioartean ospetsu diren zaldiak ekartzeko”. Hala, 77 lasterketa antolatu dituzte, eta guztietan zaldi kopuru garrantzitsu bat erakartzea espero dute. Ostiraleko lehen saiorako, 39 zaldiren parte hartzea ziurtatu dute.
Donostiako Hipodromoko denboraldi berriaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Jardunaldi guztien artean, abuztuaren 15ean egiten duten Urrezko Kopa nabarmendu dute hipodromoko arduradunek. Urrezko kopa eta 40.000 euroko saria banatuko dituzte egun horretan. Baina ez da sari bakarra izango. Izan ere, denboraldi osoan 1.058.145 euro banatuko dituzte saritan.
Diru kontuetan, aldaketa nabarmen bat ere egin dute Donostiako Hipodromoan. Izan ere, orain arte akzioen %30ren jabe zen Grupo Carrusek, gainerako akzioak erosi ditu, eta akziodun bakar bihurtu da horrela.
[box]
Lasterketen egutegia
-Ekaina (ostiraletan): 6,13 eta 20
-Uztaila (astelehen eta igandetan): 7,13,21 eta 27
-Abuztua (astelehen eta igandetan): 4,10,18 eta 24
-Iraila (astelehen eta igandetan): 1 eta 7
Saio bereziak:
-Abuztuak 15: Urrezko Kopa
-Irailak 12: Azken jardunaldia. Milagro Dehesa etxearen zaldikoen enkantea.
[/box]
Aurtengo ordutegia telebisten programazioak baldintzatuko du, baina lasterketak 17:15 eta 17:50 bitartean egingo dituzte.
Prezioari dagokionez, ekainean sarrera doan izango da. Gainerako saioetarako helduen sarrerak 7 eurotan salduko dituzte, eta 3,5 eurotan gazteentzat eta jubilatuentzat. 14 urte bitarteko haur eta gazteek berriz, sarrera doan izango dute.