Espainiako Koroaren zilegitasun eza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dituen mozioa aurkeztu du Bilduk
Juan Carlos Borboikoaren abdikazioarekin batera, 1977an abian jarritako Frankismoaren erreformaren fasea amaitzea beharrezkoa dela uste du Donostiako taldeak. “Ukazioan eraikitako eta politikoki agortutako marko politiko eta juridiko hau iraunarazteko itxuraldaketa operazio baten aurrean” daudela adierazi dute. Abdikazioaren aurrean, “benetako haustura demokratikoa” emateko unea dela diote: “Espainiako herritarrek beraien sistema politikoa erabakitzeko erreferendum-a egitearen alde gaude. Baina Euskal Herria ez da eztabaida horren subjektua. Euskal Herritarrok gure erabakiak geuk hartzeko dugun eskubidearen errespetua aldarrikatzen du Bilduk, etorkizunean libreki gure egitura politikoa eraiki ahal izateko. Herriok dugun erabakitzeko eskubidearen gauzapena nola egingo den erabakitzeko unea da”.

