Udalak hiriko gasolina zerbitzuguneen egoeraren lehenengo azterketa egin du
Hiriko 13 gasolindegietatik 12k irregulartasunen bat duten arren, egoerak ez du aparteko premiazko neurririk hartzeko eskatzen, ixtea adibidez.
Udalak hiriko zerbitzuguneen lehenengo ikuskapena egin du. Orain arte ez da egin zerbitzugune horien analisirik. Segurtasuna eta ingurumena izan dira kontuan hartu dituzten irizpideak, besteak beste. Helburua zen suteen araudia eta ingurumen arloko eskakizunak betetzen dituzten zehaztea. Hiriko 13 gasolindegietatik 12k irregulartasunen bat duten arren, egoerak ez du aparteko premiazko neurririk hartzeko eskatzen, ixtea adibidez.
Inplikatutako zerbitzuek egin dute ikuskapena: arkitektura, hirigintza, suhiltzaileak eta energia-ingeniaritza eta energia-eraginkortasuna. Hiriko hamahiru zerbitzuguneak ikuskatu dituzte, eta azpiegituretarako eta eskaintzen dituzten zerbitzuetarako baimena frogatzen duten dokumentazioa eskatu diete arduradunei. Zerbitzu bakoitzak txosten bat sortu du.
Hiru kasutan lizentziarik ez zuten erregai-andelak aurkitu dituzte. Beste batean, andel batek ez zuen hermetikotasunerako agiririk, nahiz eta horrek ez duen esan nahi baimenik ez duenik. Eta beste kasu batean, zerbitzuguneak sektorizatu gabeko etxebizitza bat du aldamenean, hau da, ez dago zerbitzugunea eta etxea banatzen dituen elementurik. Horretaz gain, hiru zerbitzugunetan, SUHak (Suteetako Ur hargune Hornituak) ez dabiltza.
Hauek izan dira arau-hauste arruntenetako batzuk: eraikin edo etxola berriak eraiki dira, dokumentazio ofizialean ageri ez direnak (zazpi zerbitzuguneren kasuan da hori) eta lau kasutan, planoak ez datoz zerbitzugunearen konfigurazioarekin bat. Suhiltzaileek beren txostenetan zehaztu dituzten gaiak dira, esku-hartu behar duten kasuetarako ezinbestekoa baita planoak zerbitzuguneen konfigurazioarekin bat etortzea.
Beste gai batzuei begira, hamaika zerbitzugunetan arau-hauste hauetakoren bat aurkitu dute: lizentzia gabeko ogia egiteko labeak, izotz-makinak edo auto-garbiketa tunelak eta hasieran aurkeztutako proiektuetan ez zeuden markesinak, eta horretarako baimenik gabe eraiki direnak.
Irregulartasunen bat duten hamabi zerbitzuguneek bi hileko epea dute egoera erregularizatzeko, legeztatzeko eskaera egindako egunetik hasita.


