Loiola, Martutene eta Astigarragako haur askoren hezkuntzaz arduratu da Arantzazuko Ama ikastola, 1967an sortu zenetik. Gaur, ikastolaren 45. urtemugan ia 900 elkartu dira bertan. Irakasleak, irakasle ohiak, ikasleak, ikasle ohiak, gurasoak… Eguraldi ona lagun, festa ederraz gozatzeko aukera izan dute.
Ikastolako ikasgeletatik pasa direnen argazkiekin panel txiki bat jarri dute ikastolan, eta jende andana gerturatu da ikaskideekin pasatako momentuak gogoratzeko. Halere, ikastolara iritsi baino lehen, goizean, Loiolan, Martutenen eta Ergobian, lehenengo gelak hasi ziren lekuetan, oroigarri bana jarriko dute. Plaka horiekin esker ona adierazi diete, aurreneko pauso horiek eman zituzten herritarrei, euskal irakaskuntzaren alde. Ondoren, ikastolan, eta denok elkarrekin bazkaldu baino lehen, eskertza ekitaldi bat egin dute. Ikastola sortzen lagundu zuten guzti horiek izan ditu gogoan Itsaso Alkorta zuzendariak esan dituen hitzetan.
[Gallery=163]