Istripu kopuruak behera egin du
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bildutako datuen arabera, 2013an istripu kopuruak behera egin du Donostian. Orotara 1.800 istripu gertatu dira. Horietatik 1.054 istriputan ez da kalte pertsonalik izan; beste 746 istriputan, ordea, biktimak izan dira. Biktimen artean hildako bat izan da, 56 zauritu larri eta 944 zauritu arin.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziaren arabera, Donostian istripu kopuruak behera egitea berri ona da; “Datu hauek erakusten dute bide onean ari garela. Indartu egiten gaitu trafikoa arintzeko eta moteltzeko neurriak hartzen jarraitzeko, eta lehentasuna oinez eta bizikletaz mugitzen diren pertsonei emateko”.
Dena dela, hildakoak gogoratu ditu Albizuk: “kontuan izan behar dugu aurreko urtean oinezko bat hil zela auto batek harrapatuta eta aurten moto istripu batean beste pertsona bat hil dela. Azaldu diren emaitzak onak dira, eta neurriak hartzen jarraitu nahi dugu zauritu larrien kopurua ahalik eta gehien jaisteko eta istripuek hildakorik eragin ez dezaten”.
Mugikortasun zinegotziaren arabera, istripu tasak behera egin izanak ez du esan nahi udal gobernua lasaitu behar duenik; “Guretzat hildako bakarra izatea datu negatiboa da. Gure erronka, bide-segurtasuna hobetzeko gainontzeko administrazioekin elkarlanean, eta oinezkoekin, bizikleta zaleekin eta motordun ibilgailuen erabiltzaileekin elkarlanean aritzea da”.