Motorrarren kultura izango da Savage Cinemaren ardatza
Abentura eta akzio kirolen filmak jasoko ditu aurten ere Zinemaldiko sail honek, eta On Any Sunday: The Next Chapterfilma estreinatuko dute.
Oraindik goiz da 62. Zinemaldiko Savage Cinema sailean zein film eskainiko dituzten jakiteko, hala ere, arduradunek aurrerapen txiki bat egin dute gaur goizeko prentsaurrekoan. Iaz bezalaxe, abentura eta akzio kirolei eskainitako saila izango da, eta aurtengoan, motorren kultura izango du ardatz nagusia. Hala, Europa mailako estreinaldi batez gozatzeko aukera egongo da: On Any Sunday: The Next Chapter. Dana Brownek zuzendutako filma da, eta motorren kultura eta bere arlo guztiak aztertzen ditu; lasterketetako grina zein motorrean ibiltzeak sortzen duen zirrara. Honako izarrak dira filmeko protagonistak, besteak beste: Marc Marquez, Mickey Rourke, Travis Pastrana eta Dani Pedrosa.
Zehazki, 1971n, On Any Sunday filmak zinema-aretoak bete zituen, eta motoziklismoaren historiaren parte bilakatu zen. Steve McQueen zuen protagonista lan hark, eta motorzaleen artean sekulako miresmena lortu zuen. Zinemaldira datorren filma, lan haren hurrengo atal moduan aurkeztu dute.
Bestetik, Savage Cinemako arduradunek Impostor izeneko motorra aukeratu dute aurtengo ekitaldiko irudi gisa. El solitario artista taldeak egindako motorretako bat.
Guztira zazpi film inguruk osatuko dute Savage Cinema, eta Belodromoan egingo dute emanaldi berezi bat. “Sail honek publiko anitza du, baina agian gazte gehien erakartzen dituena da. Oso ongi sartu den saila da”, aipatu du Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek.