Donostiako eta Derryko ordezkariak. (Argazkia: Donostia 2016)
Donostiako alkate eta 2016 Fundazioaren presidentea, Juan Karlos Izagirre, eta 2016 proiektuaren aldi baterako Kultur Zuzendaria, Xabier Paya, Ipar Irlandako Londonderry hiriko hainbat eragile eta buruzagirekin elkartu dira aste honetan, joan den ekainaren 10etik atzora arte. Bidaiaren helburua joan den urtean aipatu hirian Britainiako Kultur Hiriburu izan zeneko esperientzia gertutik ezagutzea izan da, gizartearekin erlazionaturiko proiektuei arreta berezia jarriz.
Bi hiriek eta bi hiriburutza-proiektuek antzekotasunak dituztela ikus ahal izan du Donostia 2016ren ordezkaritzak bidaia honetan. Esate baterako, Donostiaren kasuan bezalaxe, Derry-Londonderryk elkarbizitza sustatzeko erabili zuen 2013ko Britainiako Kultur Hiriburutza. Bake-prozesua ordurako abian zelako izan zen posible aipatu lan-ildoa gauzatzea eta, desadostasunak desadostasun, sentsibilitate politiko guztiek proiektuaren aldeko apustua egin zutelako. Hiriburutza-proiektuaren gauzatzea, beraz, etorkizuneko Derry-Londonderry imajinatzeko eta aurrera begira jartzeko erabili zuten.
Horrez gain, Derry 2013ko Kultur Hiriburutzako ordezkaritzak azaldutakoaren arabera, kultur hiriburutzaren izendapena hiriaren iraganaz gogoeta egiteko eta bere historia eta izaera aztertzeko aukera gisa baliatu zuten.
Dagoeneko Derryren hiriburutza-urtea pasa denez gero, proiektuaren arduradunak bizitako esperientzia kontatzeko moduan izan dira. Argi daukate dimentsio honetako proiektu baten arrakastaren oinarria kultur programaren independentzia eta herritarren parte-hartzea direla. Horiei esker, kultura- eta arte-adierazpenen bidez azaleratu ahal izan zuten bestela esatea eta adieraztea zaila zen ideia, gertakari eta emozio ugari.
Derry-Londonderryko ordezkaritza batek joan den martxoan Donostiara egindako bisitan bi hiriek antzeman zituzten elkarlanerako hiru esparrutako lanarekin aurrera jarraitzea erabaki dute bidaia honetan: proiektuaren komunikazioa eta kudeaketa; gizarte-gatazka, Giza Eskubideen eta identitatearen inguruko proiektuen banaketa; eta ondarearen jarraipena.