Iruñean, atzo, gazteek egindako prentsaurrekoa. (Argazkia: Ahotsa.info)
Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako 40 gazteen abokatuek agerraldia egin dute gaur Donostian, absoluzioaren balorazio juridikoa egiteko. Pozik azaldu dira, lehenik eta behin, gazteentzat beraientzat “esan nahi duen guztiagatik”. Kepa Manzisidor eta Jaione Karrera abokatuek nabarmendu dute epaiak argi utzi duela ezin dela “terroristatzat” jo edozein jarduera politiko, eta “dena ETA da” teoriaren hedapena geratzen duela. “Ez dute bere egiten jarduera politikoa, eremu abertzalean mugituz gero, terrorista bihurtzeko ideia. Eskubideen egikaritzean kokatzen dute jarduera hori”. Dena den, ohartarazi dute ez dela hori Auzitegi Nazionaleko jarrera orokorra.
Bestetik, epaimahaiak tortura testigantzen inguruko “azterketa sakona” egin duela aipatu dute, eta horrela baliogabetu egin dituztela polizia etxeko deklarazioak: “Inkomunikazioaren zulo ilunean argia sartuz, ustezko frogak umezurtz geratu dira”. Modu horretan, auzipetuek eta defentsak hasieratik esandakoa berretsi du epaiak, abokatuen hitzetan: “Agerian geratu da, gazteen ekinbide publiko, politiko eta baketsuaren aurka, haiek atxilotu zituzten guardia zibilak izan zirela bortizkeria erabili zuten bakarrrak”.