Erakusketan ikus daitezkeen bi jantzi. (Argazkia: Donostia Kultura)
Frivolite erakusketa irailaren 28a arte egongo da ikusgai, San Telmo Museoan. Hain zuzen ere, museoaren beraren XVIII. mendeko jantzien bilduma jarri dute erakusgai lehenengoz, aldi baterako erakusketa areto historikoetan, gainera: Kapitulu Gelan, Etxeberritarren kaperan eta Sakristian. Zehazki, 42 pieza daude ikusgai.
Espezializatu gabeko museoetan aurkitzen zailak diren jantziak dira San Telmo Musean ikus daitezkeenak. Gehienak goi-gizarteari dagozkio, eta batzuk nabarmenak dira ehunen eta broderien kalitate bikainarengatik. Jantzien artean, soinekoak, kasakak, txupak, galtzak edo jipoeak daude, baita museoaren bildumako beste objektu batzuk ere; haize-emaile edo poltsak, esaterako. Testuinguru gisa baliagarri diren jatorrizko elementuak ere badaude: estanpak, koadroak, aldizkariak…
Piezak erakusteaz gain, testu laburrei esker, erakusketak XVIII. mendeko frantziar modaren inguruko beste hainbat alderdi ere azaltzen ditu, Europako gorte guztietan presente zegoena, eta baita hark ordekatzen zituen gustu estetikoak eta ohiturak. Horrela, frantses erako soineko bat nolakoa zen jakiteko aukera ematen du erakusketak, edo nolakoa izan zen kasakatik frakerainoko eraldaketa, baina baita zer egin zen brageta debekatzeko edo zein esamolde erabiltzen ziren kolore horiaren ñabardurak adierazteko.
Erakusketaren prestakuntza lanen artean garrantzi handia izan du piezen zaharberritzeak. Iaz geroztik lan handia egin dute profesional ezberdinekin eta ehunen zaharberritzean espezializatuta dauden zentroekin. Lan horren laburpen bat ikus daiteke erakusketaren azken atalean dagoen bideoan, piezen kontserbaziorako ezinbestekoa den prozesu geldoa ezagutarazteko helburuarekin.
Bestalde, erakusketa osatzeko, musika gaualdiak eta filmen proiekzioak egingo dituzte uztailean eta abuztuan, beti ere XVIII. mendearekin lotuta.