Talde argazkia atera dute agerraldiaren aurretik. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Hainbat udal ordezkarik, pertsona helduen arloan lan egiten duten zenbait elkartetako ordezkariekin batera, agerraldia egin dute gaur udaletxean. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernuak goizean adostutako Donostia Lagunkoia plana aurkeztu dute, pertsona helduen bizi-kalitatea hobetzeko xedearekin egina. Planaren protagonista beraien parte hartzearekin osatu dute egitasmoa, eta 134 neurri jasotzen ditu, hainbat eremu kontutan hartuta: hirigintza, garraioa, etxebizitza, enplegua eta osasungintza, besteak beste.
Duela urtebete hasitako lanaren emaitza da plana. Guztira, 100 pertsonek parte hartu dute, eta euren ekarpenekin osatu dute. Norbanako adinduak, auzo, kultura eta gizarte elkartetako ordezkariak, udal-teknikariak eta sektore pribatuko ordezkariak aritu dira lanean, agerraldian jakinarazitakoaren arabera.
Hauek dira planak jasotzen dituen neurrien artean aipagarrienak:
-Gertuko merkataritza sustatzea, “hiriaren kanpoaldeko auzoetako eta guneetako bizitzaren oinarri nagusienetako bat osatzen baitu”, eta bestetik, merkataritza lagunkoiaren gida eta label edo etiketa bat egitea, “adineko pertsonen beharrak hautemateko tresna egokia baita”.
-Ordezko bizitegi-sistema berriak ezartzea, mugikortasun-arazoak dituzten pertsona adinduei etxebizitza egokituak alokatzeko aukera emateko eta behar berriei erantzuteko etxebizitza-ereduak ezartzea.
-Erakunde arteko leihatila bakarra garatzea, etxebizitza-alorreko laguntzak izapidetzeko. Hori osatzeko, pertsona adinduen etxebizitza-alorreko aholkulariaren figura sortuko da.
-Hiri lagunkoiaren kontzeptua gizarteratzea, sustatzea eta hedatzea, gizartea sentsibilizatzeko.
-Zahar-etxeen eginkizun soziala indartzea, epe luzeko estrategia baten bidez beraien ahalduntzea, bi ildoetan, lortzeko. Batetik, pertsona adindu ahulenen gizarte babes sare bezala. Bestetik, zahar-etxeen eta herri-administrazioaren arteko babesa eta lankidetza bultzatzea, garatzen ari diren gizarteratze eginkizuna bermatzeko.
-Laguntzarako auzo-sareak eta komunitate lagunkoiak sortzea, adinduen bizitza autonomoa luzatzeko beren etxebizitzetan, auzotasun onaren printzipioen bidez.
-Sentsibilizazio kanpainak garatzea, adinduen autoestimua eta ahalduntzea sustatzeko.
-Udal-kudeaketan txertatzea pertsona adinduen ikuskera eta ikuspegia, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartuko duten egiaztatze-lantaldeak sortuz, hiriaren gaineko behatoki gisa jardun daitezen, mota guztietako arazoak hautemateko.
-Euskararen irakaskuntza adinduei egokitzea. Mintzapraktika, mintzalaguna, eta tankerako ekimenetan parte hartzea sustatzea.
-Espazio mistoak eta belaunaldi arteko espazioak diseinatzea, adinduen eta gazteen arteko topagune izan daitezen.
Bestalde, nabarmendu dute planak aipatutako jardueretako asko abian direla jada. Esaterako, Ongizate Sailak abian jarritako pertsona adinduen tratu txarra hauteman, balioetsi eta desagerrarazteko programak; DBusek abian jarritako hiri barneko autobus-sarearen zerbitzua eta segurtasuna hobetzea; Donostia Kirolak abian jarritako ibilbide lagunkoien kanpainak, osasunari, aisialdiari eta kirolari lotuta daudenak; eta +55 Programak abian jarritako aisialdiko, kulturako eta kiroleko berariazko jarduerak; besteak beste.