Pasealeku Berria hartu dute herritarrek
Pasealeku Berria osorik ireki dute gaur goizean, eta herritarrek berehala hartu dute bidea. Irekiera 11:00etan izan da, eta ikusmin handia piztu du, minutu batzuk lehenago jendea hurbildu baita, hesia noiz kenduko zuten zain. Udaltzaingoak baimena eman eta gero, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsoro izan dira Pasealeku Berritik paseatzen lehenak, Argazkilari Elkartearen ondoko bidetik. Izan ere, Aquariumeko zatia maiatzaren 23an ireki zuten, eta sarrera hori zabalik zegoen orduz geroztik. Zazpi hilabetez egon da itxia Pasealeku Berria.
Urgulleko hegalak egonkortzeko lanak amaitu arte ez dute Pasealeku Berria osorik zabaldu. Obrek, orotara, 1,4 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta udalak ordaindu ditu ehuneko ehunean. Alkateak azaldutakoaren arabera, itsas bazterreko zenbait eremu daude oraindik konpontzeko, baina “Pasealeku Berria segurtasun osoz ireki egin dugu, Kosta departamenduak bukatu beharreko lanek ez baitute jendearen ibilia oztopatuko”. Alkateak lanen kudeaketa ona nabarmendu du, horri esker Pasealeku Berria aurreikusitakoa baino lehenago ireki ahal izan baitute. “Azaroan konpromiso bat hartu genuen; udarako Pasealeku Berria irekiko genuela, alegia”, berretsi du.

















