Defizita gutxitzeko garabiaren kudeaketarako baldintza berriak onartuko ditu udalak
Urtebeteko kontratua eskainiko dute, beste urtebetez luzatzeko aukera emanez.
Nekane Burutaran, Giza Baliabideetako zinegotziak Ogasuneko batzorde iraunkorrean azaldu duenez, datozen egunetan onartuko dituzte garabi zerbitzua kudeatzeko baldintza berriak Tokiko Gobernu Batzarrean; “Udalbatzak aho batez eskatu zuen zerbitzu horren defizita murriztea, legealdiz legealdi handitu den defizita murriztea. Helburu horrekin zehaztuko dira baldintza berriak”, esan du Burutaranek.
Bestalde, garabi zerbitzua Atotxako egungo egoitzatik Morlansera aldatuko dute, eta kontratazio baldintzetan sartuko dute egoitza berria egokitzeko lanak egitea ere.
Burutaranen esanetan, garabi zerbitzua ez da lehen bezain beste erabiltzen; “Zorionez isun gutxiago jartzen da eta jendeak aparkatzeko orduan arduratsuago jokatzen du. Hori dela eta garabiaren beharra gero eta urriagoa da. Arauak errespetatzen dituztenek beraien zergekin zerbitzua ordaindu beharrik ez izatea da helburua. Edozein kasutan gogorarazi behar da garabi zerbitzua ez dela arau hausteekin lotzen soilik, zerbitzuaren beste atal bat dago larrialdiei lotutakoa”.
Autoen gordailua Morlansera aldatu, eta zerbitzua egungo beharretara egokitu ondoren, zerbitzuaren kudeaketa zuzena egiteko aukera aztertuko dute.