Antso Jakitunaren etorbideko bidegorria egiten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Maiatzaren 28tik ekainaren 3ra neurtu dute Antso Jakitunaren etorbideko bidegorriaren erabilera. Neurketa horien arabera, lanegunetan, batez beste, 735 erabilera izan ditu.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, “bidegorriak oinezkoen eta bizikleten artean zegoen gatazka konpontzea ahalbidetu du. Gainera, datuek argi erakusten dute Antso Jakitunaren etorbideko bidegorria beharrezkoa zela”.
Ekainaren 3a izan zen Amarako bidegorria gehien erabili zuten eguna; 1.041 erabilera. Udal gobernuaren arabera, asteburuetan jaitsi egiten da bizikletaren erabilera, baina neurketa egin zuten asteburuan Amarako bidegorrian “datu onak” jaso zituzten; 524 erabilera izan ziren maiatzaren 31n, eta 381 erabilera, ekainaren 1ean.
Oinezkoak eta bizikletak
Albizuren arabera, hiri osoan hainbat neurri hartu dituzte oinezkoen eta bizikleten arteko gatazkak ekiditeko eta mugikortasuna hobetzeko.
Horien artean, Nafarroa hiribideko bidegorria aipatu du Albizuk. Easoko bidegorria ere aldatu egin dute galtzadatik pasa dadin, eta horrela oinezkoen segurtasuna bermatu dute. Ramon y Cajal kaleko bidegorria ere zabaldu egin dute, oinezkoekin arazoak ekiditeko.
Añorga Txikin eta Ondarretan 30 guneak zabaldu dituzte. Mendeurrenaren Plazan oinezkoen eta bizikleten pasabideak banatu dituzte, eta Morlanseko bidegorria ere amaitu dutenez, bizikletak jada ez dira espaloitik pasatzen. Jose Maria Salaberria kaleko bidegorri berriarekin ere emaitza bera lortu dute.