Martxoan egindako mobilizazioa. (Argazkia: L. Ferreira)
Loiolako auzo elkarteak mobilizazioak iragarri ditu Eusko Trenen geltoki berriko lanak amaitu ditzaten eskatzeko. Hain zuzen ere, uztailaren 5ean, geltokian bertan elkarretaratze bat egingo dute, 12:15ean. Protesta amaituta, Topora igoko dira eta Amararaino joango dira elkarrekin, protestan. Behin Amarara iritsita, Eusko Trenen egoitzara hurbilduko dira beste elkarretaratze bat egiteko, kartelak eta eskuorriak eskuan izango dituztela. Protesta eta gero, hurrengo mobilizazioen berri emango dute.
Mobilizazio egun hau joan den astean egindako batzar irekian adostu zuten. Era berean, auzotarrek erabaki zuten Eusko Trenen zubi berria inauguratzen dutenean elkarretaratze bat egitea, ekitaldia egiten duten lekuan bertan. Bestalde,
Lanak bukatu-Loiola existe leloarekin, kartelak banatuko dituzte doan kultur etxean eta Elizalde tabernan, balkoietan jartzeko. Azkenik, batzarrean erabaki zuten beharrezkoa ikusten dutela udalak Eusko Jaurlaritza presionatzea, lanak amaitu daitezen, eta “auzoa banatzen duten bi hesiak kendu ditzaten”.
Martxoan manifestazio jendetsu bat egin zuten loiolatarrek, eta orduan eskaera bera egin zuten. Uztailaren 5eko protestarekin jarraipena eman nahi diote aldarrikapenari.