Musika aholkulari bat izango du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak datorren denboraldian
Kursaalen eskainiko ditu aurten ere EOSek abonu progamako kontzertuak. Iñigo Alberdik bere azken agerraldia egin du zuzendari nagusi moduan, postua zortzi urtez bete ostean.
Berrikuntza nagusi bat izango du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2014-2015eko denboraldiak. Izan ere, orkestraren musika aholkulari gisa arituko da Jun Markl orkestra zuzendaria. Orkestraren “norabideaz” arduratuko da Markl, eta horrekin batera, orkestrak gizartearen kultur ezagutza zabaltzeko erronkan lanean jarraituko duela azaldu dute, gaurko prentsaurrekoan. Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusia, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Jun Markl orkestra zuzendaria bera arduratu dira Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren inguruko xehetasunak emateaz. Gainera, Alberdiren azken agerraldia izan da, zortzi urtez EOSeko zuzendari nagusi postua bete ostean. “Zortzi urte horietako ibilbidea mardula izan da. Oso gustura egon naiz eta lan polita egin dugu, baina lekukoa beste bati emateko garaia iritsi da. Penaz baina aldi berean pozik noa, gaur aurkeztu duguna urte askotaren lanaren ondorioa baita”, aipatu du Alberdik.
Berrelkartzeak izango du izena Euskadiko Orkestraren denboraldi berriak. Hala, Joxean Muñozek azpimarratu duenez, bertakoa eta nazioartekoak bat egingo dute. “Berez kontrajarriak diren bi kontzeptu batzen asmatu du orkestrak; nazioartea eta bertakoa. Adibidez, Veneziako Biennalean emanaldia eskainiko du, Usandizaga omenduz”, aipatu du Muñozek.
Guztira, 2014-2015eko denboraldiko abonu programa hiriburu bakoitzean eskainiko duten bederatzi kontzertuk osatuko dute. Hala, Donostiako Kursaalen emanaldi bikainez gozatzeko aukera egongo da, urriaren 20tik aurrera. Horretaz gain, Miramongo Matineeak, Musika Gela, Jorda Gela eta Orkestra Herrietan jardueren bidez, eta hainbat jaialditan parte hartzearen bidez (Donostiako Musika Hamabostaldia, Zinemaldia…), orkestrak guztira ehun kontzertu inguru eskainiko ditu.