Ur-Kirolakeko arraunlariak eta arduradunak, Legution.(Argazkia: Ur-Kirolak)
Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketa jokatu zuten atzo, Legution. Jubenil, absolutu eta beterano mailetako arraunlariak lehiatu ziren txapelketan, eta gainontzeko mailetako estropadak ere egin bazituzten ere, ez ziren txapelketarako baliagarriak izan. Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak klubetako kideek estropadetan parte hartu zuten, eta dominekin itzuli dira etxera. Zehazki, Urkik hiru domina eskuratu ditu: Iñaki Burutaran txapelduna izan da skiff beteranoan, Eneko Larrañaga bigarren geratu da 23 urtetik beherakoen skiffean, eta jubenilen gizonezko zortzikoak hirugarren postua lortu du. Arraun Lagunakek, berriz, hirugarren postuak lortu zituen jubenilen bikoan eta absolutuen skiffean, eta txapelduna izan zen beteranoen zortzikoarekin.