Felipe VI.a Espainiako errege izendatuko dutela-eta mobilizazioak egingo dituzte
Euskal Herria, demokrazia, errepublika eta erabakia aldarrikatzeko, EH Bilduk mobilizazioak egingo ditu ostegunean, tronuratzeko egunean. 20:00-21:00 artean Konstituzio plazan. “Eztabaidari aukerarik eman gabe, inolako prozedura demokratikorik errespetatu gabe, herritarren borondatea kontuan hartu gabe, beste borboi bati emango diote [Espainiako] estatuaren agintea”, esan dute gaur Maribi Ugarteburu eta Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideek, Donostian.
Ostegunean, Gipuzkoako talde errepublikazale batzuek ere elkarretaratzera deitu dute. Monarkiari ez, herritarrek erabaki lelopean, manifestazio bat egingo dute, 19:00etan, Bulebarretik irtenda. Espainiako errege aldaketaren “operazioa” salatuko eta “prozesu demokratiko bat” aldarrikatuko dute. “Ez gara menpekoak, erabaki egin nahi dugun herritarrak gara”.
Asteazkenean Konstituzionalistok antolakundeak “elkarretaratze estatala” deitu du koroatzearen bezperarako Kolonialismoari ez. Euskal Estatuari orain. Nafarroako Euskal Estatuaren Lehen Errepublikaren alde lelopean. Bulebarreko kioskoan egingo dute elkarretaratzea, bihar, ekainaren 18an, 18:00etan. Ekitaldiaren bidez, alde batetik, ezetz esan nahi diete “gure nazioa oprimitzen duten kolonialismo mota guztiei, bai frantziar kolonialismo errepubikarrari, bai espainiar kolonialismo monarkikoari, eta baita balizko espainiar kolonialismo errepublikar bati ere”. Beste alde batetik, ekitaldiarekin bidea zabaldu nahi diote Estatuaren berreratzeari eta Errepublikaren konstituzioari.

