Iñigo Arcauz, PPko zinegotzia, bidegorriaren proiektua erakusten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Iñigo Arcauz, PPko zinegotziaren arabera, Txomin Enea eta Martutenen egin nahi duten bidegorria ez da egokia. Gainera, Mugikortasun Aholku Batzordeak behin betiko proiektua jaso duela salatu du zinegotziak, “aldaketa edo proposamenak egiteko aukerarik eman gabe”.
Hori dela eta, Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziari batzordearen bilera berri bat egiteko eskatu dio PPk. Izan ere, Arcauzen arabera, batzorde horretan mugikortasunarekin zerikusia duten hainbat eragilek parte hartzen dute, eta “guztien iritzia jasotzea ezinbestekoa da”.
Horiz margotuta ageri dira PPren proposamenak.
PPren proposamenak
PPren ustez, bidegorri berriaren proiektuak bi gune beltz ditu: kartzela pareko biribilgunea eta Martuteneko zubia.
Arcauzek azaldu duenez, egungo proiektuan biribilgunera iristean bidegorria desagertu egiten da, eta bizikletek errepidetik joan behar dute, autoekin batera. Euren proposamena, biribilgunera iritsi baino lehen bidegorriak errepidea gurutzatu eta 27 Industriagunetik datorren bidegorriarekin lotzea da, errepidea saihestuz.
Zubiari dagokionez, berriz, egungo proiektuak semaforo bat jartzea aurreikusten du, errail bat bizikletentzako utziz, eta trafikoa txandaka pasaraziz. Arcauzen arabera, “oso ondo dago bizikletei erraztasunak jartzea, baina trafikoa oztopatuko duen neurriak hartzea ez da bidezkoa”. Popularren proposamena bizikleta erabiltzen dutenek zubia oinez igarotzea da.
Txomin Enea eta Martuteneko bidegorriaren proiektua ez bada berraztertzen, PPk ez dio onarpenik emango.