San Joan sua, Saguesen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Mantenu eta Hiriko Zerbitzuetako departamentuan eskatu behar da suak pizteko baimena. Egoitza Urdaneta kaleko 13an dago; eskaerak egiteko epea bihar, ekainak19, bukatuko da.
Donostiako Udalak bando bat kaleratu du San Joan bezperako suak egoki pizteko, eta ezustekoak ekiditeko hainbat neurri eta betebehar zehaztuz.
Suak zuhaitzetatik, eraikinetatik, zerbitzuen aire eremuetatik, hiriko altzarietatik eta ibilgailuetatik urrun prestatu behar dira. Ibilgailuen kasuan, gutxienez 15 metroko segurtasun tartea utzi behar da, eta kasu zehatz batzuetan, beharrezkoa bada, distantzia handiagoa.
Erregai solidoak bakarrik erabil daitezke. Pneumatikoak, apar gomak eta plastikoak debekatuta daude, baita edozein motatako aerosol poteak, leherketak eragin ditzakeen beste edozein material eta kea edo gas toxiko edo kaltegarriak isur ditzakeen beste edozein material ere.
Sua eremu asfaltatu edo harriztatu batean prestatzen bada, estaliko duen azalera guztia eta beste bost metro babestu behar dira, lur edo hondar geruza batekin. Geruza horrek gutxienez hamabost zentimetrokoa izan behar du.
Suen kokapenak ez ditu eremu horretara iristeko eta bertan zirkulatzeko bideak inola ere oztopatu behar.
Suziriak jaurti nahi izanez gero, dagokion gobernu baimena eskatu beharko da.
Antolatzaileek suak guztiz itzaltzeaz arduratu behar dute.
Udal agenteek xedapen hauek zorrozki betearaziko dituzte. Norbaitek arau hausteren bat egin edo arriskuren bat sortuz gero –meteorologikoak barne–, sua debekatu edo berehala itzaltzea agindu ahal izango dute.
Agindutakoa bete ezean, Donostiako Udalak dagozkion isun administratiboak ezarriko ditu.