Aitziber San Roman, EAJko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aitziber San Roman zinegotzi jeltzaleak adierazi duenez 17 urte badira Larrialdi Plana eguneratu ez dela; 1997an onartu zutenetik, hain zuzen ere.
Larrialdi Planak herritarrentzat arriskutsuak izan daitezkeen gertaera edo egoerak zehazten ditu, eta baita horien aurrean hartu beharreko neurriak edo jarraitu beharreko protokoloa ere. Larrialdiei aurre egiteko dauden baliabideak ere zehazten ditu.
Puntukako plan bereziak garatzen direla gaineratu du San Romanek, elurte eta uholde kasuetan abian jartzen direnak, esaterako, baina plan orokor baten beharra azpimarratu du.
San Romanen esanetan, “Larrialdi plana hiriaren argazki bat da, eta zoritxarrez Donostiak duela 17 urteko argazki zahar bat du erreferentziatzat”. Egoera, baliabideak eta hiria bera asko aldatu direla esan du zinegotzi jeltzaleak, eta Larrialdi Plana ere egokitu beharra dagoela nabarmendu du.
Eskaera hori egiteko mozio bat aurkeztuko dute datorren asteko udalbatzarrean.