Lorategi Hiria egiteko lehen pausoa emango dute bihar
Etxebizitza berriak
Uholde arriskua ekiditeko ibaiertzean dauden Lopetegi-berri eta beste hainbat tailer dira proiektu hau garatzeko eraitsi beharreko eraikinak. Berriak, berriz, 261 etxebizitza inguru izango dira; horietatik % 40 babesturikoak izango dira (mapan laranja kolorez ageri dira etxebizitza berriak)
Loiolarekin lotura
Trenbidea da Lorategi Hiria Loiolako gainerako guneekin lotzeko traba nagusia. Burutaranek adierazi duenez, “udal gobernuak bat egiten du trenbidearen murrua kentzeko eskaerarekin, baina hori ez dago gure esku”. Dena dela, bihar onartuko duten proiektuak auzotarren arteko lotura hobetzeko proposamen bat ere aurreikusten du. Trenbidearen ondoko eraikin baten beheko solairua eskuratu eta pasabide bat egingo dute, gaur egungo itzulinguru guztia eman beharrik ez izateko.
Ricardo Burutaranen arabera, Lorategi Hiria egiteko urrats garrantzitsua da biharko hasierako onarpena. Behin betiko onarpena, berriz, urtea bukatzerako ematea espero du. Dena dela, zinegotziak azpimarratu duenez, “auzoaren diseinu berriak Lorategi Hirian bizi direnen bizi kalitatea nabarmen hobetuko du. Izan ere, urte askoan abandonatuta egon da, baina aurrerantzean udal gobernua konpromiso sendoz bultzatzen ari den Urumea ibar osoaren eraberritzearen parte izango da”.
Tokiko Gobernu Batzodeak bihar emango dio hasierako onarpena Loiolako Lorategi Hiriaren Plan Bereziari.
Parte hartze prozesu baten bidez zehaztu dute Lorategi Hiriko proiektua. Udal teknikariek hainbat bilera egin dituzte auzotarrekin. Hiru proposamen jarri dituzte mahai gainean, eta horietatik atera da laugarrena, bihar onartuko dutena.
Zentzu horretan, “bertako bizilagunen beharretara hobekien moldatu den proiektua” dela adierazi du Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak. Ingurunea eraberritu egingo dute, eraikin batzuk botaz eta berriak eginez. Baina orohar, oinezkoentzako gune zabalak sortuko dituzte, trafikoa desbideratu, eta kultur etxea ere handituko dute. Urumeako ibaiertzean, berriz, uholde arriskua gutxitzeko 5,70 metroko mendixka bat egingo dute, landarez osatua.
Eraldaketa
Burutaranek azaldu duenez, eraldaketarik nabarmenena zirkulazioaren berrantolaketak sortuko du. Izan ere, Aralar Mendikatea kaleko trafikoa moztu egingo dute, eta errepidea Lorategi Hiriaren kanpoaldetik igaroko da, etxebizitza berriak inguratuz. Eraikin berriek material isolatzaileak eta beira bikoitzak izango dituzte, eta material horiek gainerako tokietan ere babes akustiko moduan eragingo dute. Burutaranen arabera, gaur egungo zarata nabarmen gutxituko da.
Trafikoa berrantolatuta, nagusiki oinezkoentzako izango den 18 metroko etorbide zabal bat egingo dute. Etorbide hori kultur etxe inguruan egingo duten plaza handitik Loiolako Erriberako biribilguneraino iritsiko da. Burutaranen arabera, lotura honen beharra nabarmendu dute auzotarrek.
Esan bezala, Loiolako kultur etxearen inguruak ere eraldaketa nabarmena jasango du. Izan ere, aurrealdean plaza handi bat egingo dute, zinegotziaren arabera, auzotarren topaleku nagusi bilakatuko dena. Plaza berriaren azpian aparkalekuak egingo dituzte.
Bestalde, kultur etxea bera ere handitu egingo dute, frontoiaren ondoan beste eraikin bat egingo baitute, kultur erabileretarako.
Genero ikuspegia
Lorategi Hiriko proiektua genero ikuspegitik egin dutela nabarmendu du hirigintza zinegotziak. Hala, gaur egun ia erabilerarik ez duten guneak eraldatuko dituzte, ingurune seguroagoak sortuz.
Gaur egun, autobidearen azpian geratzen den eremua litzateke eraldatuko duten horietako bat. Oraindik zehaztu gabe badago ere, kirol erabilera bat ematea aurreikusi dute espazio horri, eta ondoan, autoentzako aparkaleku handi bat ere egingo dute.