Mari Sol Bastida: "Memoriak irakurtzen ditudanean, bizitako hura berriro bizitzen dut"
‘Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat’ izeneko liburua argitaratu du musikariaren alargunak, Adarra Saria jasoko duen aste berean.
Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat, halaxe izena du Mari Sol Bastidak Elkarren eskutik argitaratu berri duen liburuak. Nerabeak zirela ezagutu zuten elkar Laboak eta Bastidak, eta eta bizitza bat sortu zuten elkarrekin. Hala, 50 urte inguruan elkarrekin bizitako momentuak jaso ditu liburuan musikari ezagunaren alargunak. Mikel Laboaren musika ibilbidea da kontakizunaren ardatza, baina, aldi berean, bikotearen bizipenak eta Euskal Herriaren historiaren zati bat jaso du Bastidak liburuan. “Memoriak irakurtzen ditudanean, bizitako hura berriro bizitzen dut”, aipatu du Bastidak hunkituta, gaur goizean egindako aurkezpenean. Lagun ugariz inguratuta egin du liburuaren aurkezpena, eta tartean, Antton Valverde musikaria, Iñaki Salvador pianista eta Bernardo Atxaga idazlea egon dira. Edonola, Bastidak aste honetan beste lan garrantzitsu bat du egiteko, izan ere, larunbatean, 20:00etan, Adarra Saria jasoko du Viktoria Eugenia Antzokian, bere senarra zenaren partez. Donostia Kulturak lehen aldiz banatuko du saria, Musikaren Europako Egunarekin bat eginez, eta Laboaren musika ibilbidea goraipatuko du. Sari ematean emanaldi ugariz gozatzeko aukera egongo da: Delorean, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Ainara Ortega eta Kukai dantza taldea.
Laboa 2008ko abenduan hil zen, 75 urte zituela. Medikuntza ikasi zuen, baina musikari eskaini zion bere bizitza, eta euskal musika garaikidean izen oso entzutetsua izan da. Beti ondoan izan zuen Mari Sol Bastida, beraz, zein egokiago bere memoriak idazteko. Azken batean, elkar ezagutu eta elkarrengandik urrundu behar izan zuten tartea jaso du Bastidak bete memorietan; 1950 eta 2008 urteen artean gertatutakoa bereziki, baina protagonisten haurtzaroko kontakizunak ere jaso ditu. Hirurogeiko hamarkadan oroitzapenak oharkabean jasotzen hasi zela azaldu du Bastidak, eta bereziki, gordeta zituen hiru elementu aipatu ditu: Publiko aurrean kantatzeko baimena eman zion karneta, lau abesti herrikoiekin kaleratu zuen lehen diskoa, eta Zeruko Argian egin zioten elkarrizketa bat. Hala, gordetako dokumentu eta agiriekin, eta bere oroitzapenekin, testua idazten hasi zen 2010ean, eta ikasturte batean bukatu zuen. Ordutik, ordea, buelta asko eman dizkio idatzitakoari.
Antxiñe Mendizabal editotearen hitzetan, “maitasunetik, mirespenetik eta emoziotik” idatzi du Bastidak. Juan Kruz Igerabide idazlearen hitzetan, berriz, testuak “hunkitu” egin zuen, eta dokumentu historikotzat jo du. “Donostiaren historia Amara Zaharretik kontatua dago”, aipatu du Igerabidek. Liburuaren erdialdean, gainera, hainbat argazki gehitu dituzte, dokumentu gisa; batzuk ezagunak, beste batzuk ez hainbeste.
Berez gazteleraz idatzi du liburua Bastidak, ez baitzuen bere burua hori guztia euskaraz kontatzeko gai ikusten. “Testua bukatu nuenean, hainbat laguni eman nien irakur zezaten, eta zuzenketak eta kritikak egin zizkidaten. 2013ko udaberrian, Juan Kruz Igerabideri eman nion testua, eta zuzenketak egin eta aholkuak eman ostean, Mikel Laboa katedra euskarazko bertsioa finantzatzeaz ardura zitekeela esan zidan”, azaldu du Bastidak. Horrela, Koro Navarrori eman zioten itzulpenaren enkargua, eta berak egindako moldaketarekin oso pozik geratu da Bastida; “Bi aldiz irakurri dut, eta Korok oso lan ona egin duela uste dut”. Navarro berak ere itzulpena gustura egin duela onartu du, beretzako lan berezia izan baita. “Lan berezia izan da, testuko protagonistak ezagutzen nituelako. Mikelen aportazio musikala izugarria izan da, eta hasieratik nabaritzen zen. Donostiarra izanik ni bezala, erraza zen berarekin kaletik topatzea. Gainera, Mari Sol nire senarraren lankidea izan zen urte askoan, eta elkarrekin bidaiaren bat egin genuen. Nik Mikelen umore sena, orijinaltasuna eta eskuzabaltasuna nabarmenduko nituzke”, aipatu du Navarrok.
Duela lau hilabete liburua argitaratzearen inguruko zalantzak izan zituela ere onartu du Bastidak. “Beldurra sartu zitzaidan, ea lan hori guztia argitaratzea ongi zegoen pentsatzen hasi nintzen, eta lagun askok aurrera egitera bultzatu ninduten”. Azkenean, bi arrazoi garbi izan ditu liburua argitaratzeko; batetik, garrantzitsua dela edozein gizarteren iragara oroitua izatea, eta lan horretan lagungarria gerta litekeela, eta bestetik, oso ongi pasa duela liburua idazten, eta irakurtzen dituen bakoitzean momentu haiek berriro bizitzen dituela.
MEMORIAK. MIKEL LABOAREN BIOGRAFIA BAT
- EGILEA: Mari Sol Bastida (Donostia, 1938).
- ITZULTZAILEA: Koro Navarro (Parte Zaharra, 1955).
- ORRIALDE KOPURUA: 436.
- PREZIOA: 24’50 euro.