Udaleko lan hitzarmena onartuko dute, LAB, ERNE eta CCOO sindikatuen aldeko botoekin
Tokiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko du 2014ko lan baldintzen akordio arautzailea. Akordio honek Langileen Batzordearen bermea dauka, LAB, ERNE eta CCOO sindikatuen baiezko botoekin.
Lan hitzarmenak lanaldiak, lizentziak, baimenak, ultraaktibitatea, negoziazio esparruaren errespetua eta beste zenbait taldeei dagozkien murrizketak ez aplikatzeko 2012 eta 2013 urteetan onartu ziren neurriak mantentzen ditu.
Bestalde, 2013ko KPI (%0,6)aren konpentsazioa jasotzen du, langile publikoen erosahalmenaren berreskuratze prozesua hasten du, produktibitate gisako ordainsari lineal baten bitartez, eta Elkarkidetzako ordainketei
ekiten dio berriro.
Hitzarmenak hainbat konpromiso ere jasotzen ditu, formakuntza plana, lanpostuen balorazioaren eta ordainsari eskalaren tresna berri bat eta barne
mugikortasunaren arautegi bati buruzkoak. Eta sustapen eta LEP prozesuak aurten abian jartzeko konpromisoa ere ezartzen du.
LAB sindikatuaren arabera, “zerbitzuak pribatizatzeko helburuarekin eta lan baldintza publikoak okerrera eramanez, publikoa hutsaldu nahi den epealdi zail honetan”, lan baldintzak hobetzea lortu dute, eta baita zerbitzu publikoaren eredu desberdinaren alde egiteko apostua adostea ere.
Euskal Administrazio guztietan zerbitzu publikoen garapenaren eta enplegua sortzearen alde lanean jarraituko dutela gaineratu du LABek.

