Donostia 2016ko kideak eta Artejira ekitaldian parte hartu duten hainbat artista. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ekainaren 28an egingo dute ospakizuna. Goizean kultur etxe bakoitzak arte diziplina bat landuz hainbat ikuskizun eskainiko ditu, eta arratsaldeko 19:00etan guztiek batera festa bat egingo dute Easo kalean; Donostia 2016ren abestia ere orduan aurkeztuko dute.
Ekainaren 28an, larunbata, hiru urte beteko dira Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatu zutenetik. Hori ospatzeko, Donostia 2016ren egoitza
berriak ateak zabalduko ditu egun horretan bertan, eta Kultur hiriburutzaren erreferentziazko espazio bihurtuko da 2016. urtera arte.
Horretarako, egun osoko eta diziplina artistiko ezberdinekin sorturiko festa handi bat antolatu dute herritar guztientzat, eta aukera baliatu nahi dute 2016 Gunearen kokapena eta ezaugarriak ezagutzera emateko, hiriak duen kultur eskaintza ikusarazi eta balioan jartzeko.
Xabi Paya, Donostia 2016ko Kultur zuzendariaren esanetan, “izendapena lortu zen eguneko poza eta ilusioa gogoratu eta berreskuratu nahi ditugu hiru urte geroago; hiria eta herritarrak batu zituen zorioneko egun hark, eta ekainaren 28a ere egun berezia izatea nahi dugu”.
Ez da Easo kaleko egoitzan jardueraren bat egiten den lehen aldia, eta ekainaren 28a ere ez da inaugurazio ekitaldi bat izango. “Ez dugu eraikina inauguratuko, oraindik ezin dugulako bere osotasunean erabili, baina O. solairuko ateak irekiko ditugu”, esan du Payak. Inaugurazio ofiziala urrian egingo dutela aurreratu du, kultur hiriburutzen nazioarteko topaketarekin batera.
Artejira, diziplina anitzeko irekiera festa
Datorren larunbateko ekitaldiari Artejira deitu diote. Hiriko zortzi kultur etxeek eta 50 bat profesionalek parte hartuko dute bertan, eta Agurtzane Intxaurraga izango da zuzendari artistikoa.
Intxaurragaren esanetan, Donostia artez jantziko da eta kaleak antzoki
bihurtuko ditu Artejirak. Profesional asko eta diziplina artistiko ezberdinak batzeaz gain, ikuskizunek ezberdinen arteko harremana sustatzea dute oinarrian. “Artejiraren baitan egingo diren emanaldi guztiek oreka izango baitute ardatz: elkarrekin bizitzeko beharrezko dugun oreka horretatik abiatuta, hizkuntzen arteko oreka, pertsonen arteko oreka, sexuen arteko oreka…”, azaldu du Intxaurragak.
Donostiako zortzi kultur etxeetan hasiko diren zortzi arte emanaldik beste hainbeste ibilbide egingo dituzte goizean, Easo kaleko 2016 Gunerantz pixkanaka hurbiltzeko, “kulturaren hiriburu zabal eta anitz baterako bidea
eginez”.
Goizeko emanaldiak kultur etxe bakoitzak lantzen duen arte espezialitatean oinarrituko dira.
Antzezjira aterako da Lugaritzetik,
Ahotsjira Altzatik,
Dantzajira Egiatik… Bakoitzak berezko jira egin ondoren, ibilbide artistiko guztiek bat egingo dute 2016 gunean, arratsaldeko 19:00etan, eta festa batekin amaituko da eguna, 20:16etan, ‘Hiriburutza-urtera’ iristean.
Donostia 2016ren eraikina ez ezik, Easo kalea bera ere agertoki bihurtuko dute. Gainera, Donostia 2016ren abestia ere aurkeztuko dute ekainaren 28an. Josetxo Zeberiok egin du abestia, eta hiriko hainbat pertsonak hartu dute parte grabaketan.