San Bartolome muinoaren maketa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Jeltzaleek zuzenketak aurkeztuko dizkio San Bartolome muinoaren eraldaketarako Plan Orokorrari. Zonalde horretan Donostialdeko metroaren sarrera berria egitea aurreikusten dutela aintzat hartzea nahi du EAJk, eta merkataritza guneari eman beharreko lekua ere berraztertzea nahi du.
“San Bartolome muinoko operazioa da une honetan Donostian aurrera eramaten ari den operazio urbanistiko garrantzitsuena eta gure iritziz, udal gobernuak aurkezturiko proiektuak hainbat gabezia ditu eta guk zuzenketa hauen bitartez, gabezia horiek konpondu nahi ditugu”, nabarmendu du Iñaki Gurrutxaga, EAJko zinegotziak.
Gabezia horien artean, “guztiz deigarria da udal gobernuak ez aurreikustea Donostialdeako Metroko sarreretako bat zonalde horretan kokatuta dagoela. Horregatik egin dizkiogu zuzenketak Planari, errealitate hori kontuan har dezan eta behar den tokia gorde diezaion”, esan du Gurrutxagak.
Hirugarren sektorearen erabilerarako azalera ere “birdimentsionatu” beharra dagoela uste dute jeltzaleek, eta batez ere, hiriko Merkataritza Aholku Batzordeak aztertzea nahi dute. “Ez da ondo ulertzen aurreikusitakoa bezalako merkataritza bolumena aurreikustea merkataritzako alorreko ordezkariei euren ikuspegia azaltzeko aukerarik eman gabe. Hori ere hiritarren parte hartzea da, nahiz eta udal gobernuak saihestu duen”, salatu du Gurrutxagak.
Merkataritza erabilerarako lurrari dagokionez, jeltzaleen ustez “erabat egokia da hotel berri bat egitea. Hiriak hotel gehiago behar ditu, baina erabilera komertzialerako aurreikusitako esparrua murriztearen aldekoak gara; proiektuak proposaturiko 8.000 metro koadrotik 4.000 metro koadrotara pasatzea proposatzen dugu guk eta horietatik %40 ostalaritzarako lirateke” adierazi du Gurrutxagak.