Iztuetako ur biltegia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ur eta saneamendu zerbitzua “ezinbestekoa” dela adierazi du Nora Galparsoro, Azpiegitura eta Hiri Mantenuko zinegotziak; “ikusten ez den lan bat da, baina beharrezkoa hiriaren oreka mantentzeko, eta batez ere ekosistema zaintzeko”. Iztuetako ur biltegiaren barnean egin ditu adierazpen hauek, lur azpiko azpiegiturak ezagutaraztea baita udal gobernuaren helburua.
San Frantzisko pasealekuaren inguruan dago Iztuetako ur biltegia, Egian. Baina bertatik igarotzen den inor gutxi ohartzen da, azpian duen azpiegituraz. Horregatik, uztailaren 2an bisita gidatuak egingo dituzte. 16:00etatik 20:00etara egingo dituzte bisitak, 15 pertsonako taldeak antolatuz. Saio bakoitzak ordu erdi iraungo du, beraz zortzi talde sartuko dira; 120 bat lagun. Bisiten bidez, ur biltegiak eta euren funtzioa ezagutuko dituzte herritarrek.
Iztuetako ur biltegira joateko izena emateko azken eguna ekainaren 27a izango da, eta telefono bidez egin behar da eskaera. Bai 010 zerbitzuaren bidez, edo 943 48 10 50 telefonora deituz.
Ur biltegien funtzioa
Iaz bi ur biltegi egin zituzten Donostian, Iztuetako eta Marrutxipikoa, autobus geltokiaren ondoan. 6.000 metro kubikoko edukiera du lehenak eta 4.000 metro kubikokoa bigarrenak.
Ur biltegi hauen helburua euriteetan emari publikoetara isuritako kutsagaiak murriztea da. Izan ere, kaleetan jasotako euri-urek kutsagai asko izaten dituzte, batez ere lehen minutuetan, hiriko kaleetan eta erretenetan pilatutako materia organikoa eta inorganikoa eramaten dituztelako. Kutsatutako ur horiek atxikiko dituzte ur biltegi hauek, eta ondoren berriro saneamendu sarera bideratuko dituzte, kontrolpean betiere.
Horrela, urak Gros auzoa hartzeko arriskua gutxitzeaz gain, Urumea ibaiko eta Zurriola hondartzako uraren kalitatea hobetzen lagunduko dute ur biltegiek. Galparsorok adierazi duenez, orain arte euri asko eginten zuen bakoitzean eta saneamendu sarea betetzen zenean hustualdiak egin behar izaten ziren zuzenean. Orain bi ur biltegi hauetara bideratuko dituzte soberakinak. Orain arte, batez beste 40 isurketa edo hustutze egiten dira urtean. Ur biltegi hauei esker kopuru hori bostera murriztea espero dute.
Donostiako Udalak ia 9 milioi euroko inbertsioa egin du ur eta saneamendu sarean. Ur biltegiei dagokionez, berriz, Iztuetako ur biltegiak 2.723.650 euroko kostua izan du, eta Marrutxipikoak, 2.124.287 eurokoa. Finantzaketaren %80a Europako Kohesio Funtsetik jaso dute. Iazko azaroan amaitu zituzten, beraz, dagoeneko martxan daude.