Anoetako estadioaren proiektua "desblokatzeko" mozioa aurkeztuko du EAJk udalbatzarrean
Mozioaren bidez, lanak 2015ean hastea nahi dute.
Talde jeltzaleak bere “kezka” agertu du udal gobernuak Anoetako estadioaren berritze prozesuari ezarri dion “zehaztasun faltagatik eta blokeogatik”. Izan ere, 2013ko uztailean udalbatzak estadioaren kudeaketarako sozietate mixtoa eratzea onartu zuen. “Ordutik, orain dela ia urtebetetik, zehaztasun falta eta Bilduren barne kontraesanak Donostiarako berebiziko garrantzia duen proiektua ari da geldiarazten”, adierazi du EAJko bozermaile Eneko Goiak. “Bildu proiektuaren alde azaldu bazen ere, Gasteizko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro ematearen kontra bozkatu zuen”, erantsi du.
Hortaz, egoera “desblokatzeko” EAJk mozio bat aurkeztuko du osteguneko udalbatzarrean, udal gobernuari “beharrezkoak diren izapideak” azkartu eta Anoeta berritzeko lehiaketa abian jartzeko eskatuko dio, lanak 2015ean has daitezen.