Atzerrian lan egiteko 85 beka eskainiko ditu Donostiako Sustapenak
Bihar, asteartea, irekiko dute izena emateko epea, eta uztailaren 24ra arte egongo da zabalik.
Eusko Jaurlaritzarekin eta Garapenarekin lankidetzan, Donostiako Sustapenak gazteen artean 85 Global Training beka eskainiko ditu. Unibertsitate titulazioa eta goi mailako lanbide heziketa duten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta daude. Gazte horiek zortzi hilabetez atzerriko enpresa eta erakundeetan soldatapeko praktikak burutzeko aukera izango dute, euren ikasketekin zerikusia duen jarduera eta proiektuen barnean. Honela, gazteek beren ibilbide profesionala Frantzia, Holanda, Erresuma Batua eta Mexiko bezalako herrietan garatu dezakete.
Nazioarteko beka hauek Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2014ko Planaren testuinguruan kokatzen dira, 30 urtez azpiko gazteen artean enplegua sustatu eta langabezia tasa handiak arintzeko helburuarekin.
Iazko Global Training bekei esker, 60 dira atzerrian praktikak burutu dituzten bekadunak. Herena baino gehiago dagoeneko lanean ari da.
Izen ematea eta jardunaldi informatiboa
Aurtengo beketan izena emateko epea ekainaren 24tik, bihartik, uztailaren 24ra irekiko dute. Donostia Sustapenaren atarian egin behar da, eta dokumentazioa paperean aurkeztu behar da, Donostiako Sustapenak Viktoria Eugenia antzokian duen bezeroen arretarako bulegoan (Erregina Erregentearen kalea 8).
Bestalde, beken inguruko jardunaldi informatiboa uztailaren 3an egingo dute, 12:00etan, CEMEI eraikinean; eta GazteEkin kongresuan uztailaren 16an Kursaalean. Sarrera doan izango da.