Alkatea, dantzan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Udal agintariek Esku Dantza dantzatu dute Konstituzio plazan, Juan Karlos Izagirre alkatea buru, San Joan bezperan egin ohi duten bezala. Plazan bertan jarritako zuhaitzaren inguruan egin dute dantza, Goizaldi dantza taldeko dantzarien laguntzarekin, eta Udal Txistulari Bandak girotuta. Esku Dantza aurretik, San Bizente elizako erretore Felix Garitanok bedeinkatu du zuhaitza. Une horretan bertan, euria hasi du, baina ekitaldia egin dute, ez baitu sekulakoa bota. Jende aso hurbildu da plazara, eta aterkia eskuetan jarraitu behar izan dute urteroko ekitaldi berezia.
Hain zuzen ere, Esku Dantzaren balio sinbolikoa handia da, bere historia du hirian. Izan ere, antzinatik dator plazan egiteko ohitura. Erritoaren arabera, udal agintariak herriaren aurrean aurkezten dira eta, hainbat zeremoniaren bitartez, duten boterea haiengandik datorrela eta gizartean nola bizi behar den adierazten dute. Lehenengo partean, Alkate Soinuaren airean, plazari buelta eman diote alkateak eta zinegotziek. Jarraian, alkateak berak aukeratutako dantzariari pasa dio eskua eta orduantxe hasi da benetako Esku Dantza.