Festa giroan udari hasiera emango diote gaur
San Joan sua piztuko dute hiriko hainbat txokotan.
Urteko gau magikoa iritsi da. Ohitura zaharrak berpiztu eta festa giroan emango diote hasiera udari. Parte Zaharrean, alkateak, zinegotziek eta Goizaldi dantza taldeko kide batzuek udal agintarien esku dantza dantzatuko dute 19:00etan, Konstituzio plazan, zuhaitz baten bueltan. Ondoren, zuhaitzari su emango diote, eta nahi dutenek azal zati bat eskuratzeko aukera izango dute. Ekitaldia bukatzeko, Udaleko Txistulari Taldearekin erromeria bat izango da.
Saguesen San Joan bezperako ohiko sua ospatuko dute 20:30ean. Sua piztu baino lehen, trikitilariak, lore banaketa eta Eskola Dantza Taldearen Aurresku dantza izango dira.
Intxaurrondon, Intxaurrondo iparraldeko jaien barruan, arratsaldean hasiko dira San Joan bezpera ospatzen. Haur jolasak , txalaparta tailerra eta txokolate jatea egingo dute 17:15ean. Kale antzerkia ere izango da Hipo eta Tomaxekin. Sardina jate herrikoia egingo dute 20:00etan Lauak musika taldearekin girotuta, eta 22:00etan San Joan sua piztuko dute. Ondoren zezensuzkoa izango da, 23:00etan.
Amara Berrin, 19:30ean Ikasbide Kultur Elkarteko San Joan koroa kantuan ariko da kalez kale, 19:30ean hasita. San Joan sua ere piztuko dute 22:30ean, Gaska kiroldegi ondoko aparkalekuan.
Herreran, San Joan sua piztuko dute eta Pasaiako txistulariekin eta Beti Alai dantza taldearekin girotuko dute gaua. Ondoren, 23:00etan, zezensuzkoa eta azken traka egingo dute Pasaiako txistulariekin batera.
Antiguan 19:00etan hasiko dira auzoa girotzen. Matia kalean zehar buruhandi eta trikitilariak aterako dira 19:00etan. Gaskonia plazan San Joan suaren festa ospatuko dute 22:00etan: abesbatzak, soka dantza herrikoia, lore sortaren banaketa… Ondoren, erromeria Amaia Arza eta Leire Zumetarekin.
Loiolan, Latsarrien plazan, Sustrai aisialdi taldeak prestatuko jolasekin hasiko dira udarako prestatzen, 19:30ean. Ondoren, Lorategi hirian, dantza, akelarrea, sua piztea eta kikili salda egingo dute.
Añorgan auzolanean prestatu duten sua piztuko dute 20:30ean. Trikitilariek girotuko dute San Joan gaua.


